Ez da ohikoa izaten espedizio bat egin eta atseden handirik hartu gabe beste irteera luze bat egitea. Batez ere, bi bidaia horiek mendi garaietara egiten badira. Sasoiari astindua ematen zaio; hots, energia asko xahutzen da.
Baina Iker eta Eneko Pou anaiei badirudi motibazioak plus bat ematen diela. Indarrak berreskuratzea zaila bada ere, Karakorumeko abentura atzean utzi, eta une honetan Andeetan daude. Hain zuzen ere, Mendilerro Zurian (Peru).
Girora berriro egokitzea ez zaie batere kosta, eta azken egunotan Micher Quito perutarrarekin jarduera interesgarria egin dute. Ranracalpa mendia (6.162 m) helburu izan dute; hain zuzen ere, igo gabe zegoen ipar-mendebaldeko aurpegia. Bada, bi eguneko lan eskergaren ondoren, hirukoteak pareta hori lehen aldiz igo du ‘Ya Pe´ Cholo’ bide berriari jarraituz. Zailtasun teknikoei dagokienez, honakoak izan ziren: 6b eta 80º.
Esan dugun bezala, Trangoko Dorreetan eginiko espedizioa atzean utzi, eta gasteiztarrek aukera izan dute berriro Mendilerro Zurira itzultzeko. Iazko baldintza kaskarrengatik seimilakoaren horma hori eskalatu gabe utzi zuten. Hortaz, arantza kentzera itzuli dira; eta, gainera, arrakasta izan dute.
Kilometro luze da aipatutako murrua, eta zabaldutako bidearen inguruan adierazi dute, luzea izateaz gain (1.200 m), gogorra eta arriskutsua dela: «Gogorra izan da, besteak beste, 20 kiloko bizkar-zakua garraitu dugulako. Eta arriskutsua denboraldiaren amaieran gaudelako, eta beroarengatik luizi asko (arroka zein izotza) izan direlako».
Ezustea
Igoeran zehar protagonistok ez zuten gorabeherarik izan; bai, ordea, jaitsieran. Hormaren azken rappela egiten ari zirela, harri handi batek anaia nagusiaren, Enekoren, buruan jo zuen.
Ikerrek onartu du iruditu zitzaiola anaia han bertan hilko zela: «Kolpe oso gogorra izan zen, eta, erantzuten ez zuenez, bada irudi okerrenak burura etorri zitzaizkidan. Sokatik zintzilik geratu zen. Micher beherago zegoen, eta soka blokeatu behar izan zuen anaia ez amiltzeko. Une zailak izan ziren denontzat. Minutu luze asko shock egoeran egon zen. Zorionez, onera etorri zen, eta jaitsierarekin jarraitu genuen. Oso berandu, goizeko ordu bietan, aterpera heldu ginen».
Amaitzeko, aurreratu nahi izan dute oso pozik eta harro daudela Andeetan zein munduko beste mendilerro batzuetan arrastoa uzten jarraitzen dutelako.