NAIZ

Finlandiak eta Suediak ez dute begi onez ikusten euskararen ofizialtasuna EBn

Badirudi Finlandiak eta Suediak ez dutela babestuko Espainiako Gobernuak euskara, katalana eta galiziera Europar Batasuneko (EB) hizkuntza ofizialen eta lan-hizkuntzen zerrendara gehitzeko egindako eskaera. Beste lau Estatu ere aurka daude.

Kontsilu Europarraren bilera baten argazkia.
Kontsilu Europarraren bilera baten argazkia. (NAIZ)

Suediak joan den asteazkenean egin zuen bezala, Finlandiak bere erreparoak adierazi ditu ostiral honetan Espainiako Gobernuak euskara, katalana eta galiziera Europar Batasuneko (EB) hizkuntza ofizialen eta lan-hizkuntzen zerrendara gehitzeko egindako eskaerari buruz.

EBko gaiak lantzen dituzten ministro finlandiarrek gai horri heldu diote gaurko bileran, eta errezeloak adierazi dituzte Europar Batasuneko hizkuntza-araudia aldatzeko aukera aztertzerakoan.

«Hizkuntza ofizialen eta lan-hizkuntzen kopuruak gora eginez gero -gaur egun 24 dira onartutako hizkuntzak–, finantza- eta administrazio-karga handitzeaz gain, EBren lana motelduko litzateke, eta legedia indarrean sartzea atzeratuko litzateke», adierazi du ministerio-batzordeak ohar batean.

Gobernuaren arabera, Finlandiak garrantzitsutzat jotzen du EBn «kultura- eta hizkuntza-aniztasuna babestea», baina uste du hizkuntza gutxituen hiztunen eskubideak «modu arinagoan» susta daitezkeela.

Finlandiak gaur egun bi hizkuntza ofizial (finlandiera eta suediera), eta samien hizkuntza erabiltzen da Laponiako hainbat zonaldetan.

Erabakia, datorren astean

Katalana, euskara eta galiziera ofizial bihurtzeko proposamenari helduko dio EBko Kontseiluak, eta irailaren 19an, asteartean, onartu beharko luke, Estatu kide guztien oniritziarekin.

Finlandiak eta Suediak adierazitako errezeloak, eta beste herrialde batzuek beren eskualdeetako hizkuntzak EBko hizkuntza ofizialen zerrendan sartzea eskatzeko aukerak zaildu egiten dute onarpena. Efek dioenez, beste lau Estatu ere aurka daude.