NAIZ

Jaizkibelek konponbidearen aldeko estrategia «argi eta zintzoa» eskatu die instituzioei

Eskaera argi bat egin die Jaizkibel Konpainiak Hondarribiko Udal zein bestelako instituzioei: «Konponbidearen aldeko estrategia argi eta zintzo bat adierazi dezatela hurrengo hilabeteetan». Hau dela eta, alkateari abendua baina lehen  elkarrizketa-mahai bat bideratu dezala eskatu dio.

Hilaren 8ko desfilearen irudia. Zintzotasunez jokatu dezatela eskatu die konpainia parekidea instituzioei.
Hilaren 8ko desfilearen irudia. Zintzotasunez jokatu dezatela eskatu die konpainia parekidea instituzioei. (Gorka RUBIO | FOKU)

Jaizkibel Konpainiak, asanblada irekia deitu ostean, aurtengo jaien eta irailak 8aren inguruko balorazioa egin du larunbatean. Oro har, urte pozgarria izan dela aipatu du, 1.000 pertsona inguru desfilatu dutelako eta «kaleak ere gure aldeko keinuz eta txaloz beteta» egon direlako; baina, urtero legez, Berdintasun Legea urratu egiten da herriko jaietan, eta, azpimarratu dutenez, «bada garaia herritar guztiok ospatuko dugun alarde parekideari ateak zabaltzeko. Hondarribiko herritarrei eskatzen diegu, gure pluraltasunetik, jarrai dezagula elkarlanean,
lapurtu diguten eta guztiona den ondarea berreskuratzen».

Konpainiak eskaera argi bat luzatu die «Hondarribiko Udal zein bestelako instituzioei: konponbidearen aldeko estrategia argi eta zintzo bat adierazi dezatela hurrengo hilabeteetan. Era berean –jarraitu dute–, alkateari eskatzen diogu elkarrizketa-mahai bat bideratu dezala abendua baino lehen, inongo betorik onartu gabe. Eragileren batek ez badu mahai horretan eseri nahi, gainerakoak hasiko gara konponbidearen aldeko prozesuari forma ematen».

Halaber, mahai horretan Arartekoak behatzaile bezala parte har dezala eskatu dute, «bera baita gure lurraldean giza eskubideak bermatzen direla ziurtatzen duen instituzioa».

EAJen jarrera «koherentziarik gabekoa»

Bestalde, benetan larritzat jo dute Hondarribiko EAJk irailak 8aren bezperatan kaleratu zuen idatzia –«konponbidearen aldeko keinurik ez egiteaz gain, ezberdin pentsatzen dutenen arteko zubi guztiak apurtu nahi izan ditu idatzi horren bidez», aipatzen dute– eta Gipuzkoako EAJren eta Hondarribiako EAJren jarreren eta hitzen artean «ez dugu koherentziarik ikusten» gehitu dute.

«Kezkagarria iruditzen zaigu eskubideak defendatzen dituzten pertsonak eta jarrera baztertzaileak dituztenak parekatzea –gehitu dute–. Ez da gauza bera eskubide bat defendatzea eta eskubide hori bera urratzeko ‘sentsibilitatea’ edukitzea. Horregatik, Jaizkibelen nahiz alarde baztertzailearen aldeko keinuak egitea ez zaigu neutrala iruditzen».

Poza, presioak eta elkarbizitzaren nahia

Halere, oro har, urte pozgarria izan da Jaizkibelentzak, desfilatu duten 1.000 pertsona inguruk haien aldeko keinu eta txalo jaso zituztelako. Bereziki azpimarratu nahi izan dute «aurten, Gernikako Arbolatik atera izana, eta, bertan, beste konpainietako kideek, jaso zituzten presioak presio, guri harrera egin eta babesa erakutsi izana. Batzuek ekidin nahi dute elkarri babesa adierazteko eta elkarrekin ospatzeko espazioak sortzea, baina argi dago hondarribitar askoren nahia dela jaiak elkarrekin ospatzea».

Nabarmendu nahi izan dute ere «elkarbizitza-espazio horiek sortzea zailagoa izango litzatekeela Udalak aurten egindako keinuengatik ez balitz». Hain zuzen, ‘keinuen alarde’ deitu den honetan, Udal Gobernuko kideek eta alkateak harrera egin diete lehenengoz eta «horrez gain, komunikazio- eta harreman-kanalak normalizatu dira, haien parte-hartzea gure ekitaldietan normalizatu den bezala».

Adibide bezala aipatu dute alkatea eta Abotsanitz nahiz EHBilduko zinegotziak Hondarribia Berdintasun Hiria sarian izan zirela, eta konpainiakoek jasan genuen boikotaren aurrean laguntza eman zietela. Izan ere, aipatu dutenez, eragileren batek sarrera guztiak aurrez hartu zituen, aretoa hutsik uzteko asmoz.

«Irmoki salatu nahi dugu Hondarribia Berdintasun Hiria sarian gertatutakoa –jarraitu dute–. Herri segregatu bat nahi duten horiek Jaizkibel herrian bakarrik dagoela irudikatu nahi izan zuten arren, ateak irekitzea lortu, eta kanpoan zegoen jendea sartu zen. Argi dago batzuek duten arazoa Berdintasunarekin dela, bai eta beste herri batzuetako alardeak biziberritu eta eraberritzeko prozesuei ikusgarritasuna ematearekin ere».