NAIZ

Euskal Kopa bigarrenez joan da Donostiara, IDK Euskotrenek Lointek Gernikari irabazi ostean

IDK Euskotrenek 69-57 irabazi dio Lointek Gernikari Euskal Kopako hirugarren jardunaldian. Erin Whalen estatubatuarra nabarmendu da deman, 31 puntu saskiratuta, eta donostiarrek bigarren aldiz irabazi dute denboraldi-aurreko garaikur hau. Hurrengo astean abiatuko da Endesa Liga.

IDK Euskotreneko jokalariak Euskal Kopako garaipena ospatzen.
IDK Euskotreneko jokalariak Euskal Kopako garaipena ospatzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ipar Carolinatik, Euskal Kopako azken partidan IDK Euskotren garaipenera bideratzeraino. Erin Whales estatubatuarra nabarmendu zen donostiarren eta Lointek Gernikaren arteko partidan (69-57), Euskal Kopako hirugarren eta azken jardunaldian.

Lehen laurden parekatu baten ostean, bigarrengoan hautsi zen partida (11-0ko partzial bati esker), eta bigarrenez altxatu du garaikur hau Donostiako taldeak. 31 puntu saskiratu zituen Whalenek, Azu Muguruzaren dinamikara ondo baino hobeto egokitu dela berretsita. Datorren asteburuan abiatuko da Endesa Liga.

IDK Euskotrenek, hain zuzen ere, Bembibreren aurka jokatuko du estreinako partida, Erin Whalenen aurreko taldearen aurka, alegia. Dema Jose Antonio Gasca kiroldegian jokatuko da, larunbatean, 18.00etan.

Lointek Gernika Bizkaiak eta Araskik ere etxean hasiko dute denboraldia. Gernikarrek Duran Maquinaria Ensinoren aurka jokatuko dute, larunbatean, 18.30ean, Malosten. Arabarrek, bestalde, baita ere hilaren 23an, Baxi Ferrol jasoko dute 19.00etatik aurrera Mendizorrotza kiroldegian.