Frankismoak errepresaliatutakoak omentzeko ekitaldi bana egin dituzte astelehen honetan Gasteizen Arabako Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek eta Arabako Errepublikar Ateneoak. Aldundiko Kudeaketa Batzordeko lehendakari zen Teodoro Olarte frankistek 1936an fusilatu zuten egunean egiten da urtero, ‘In Memoriam’ monolitoan.
Foru Aldundiko eta Arabako Batzar Nagusietako ekitaldian izan dira, frankismoak errepresaliatutako pertsonen senideekin batera, Irma Basterra Batzar Nagusietako lehendakaria eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia. Gainera, Maider Etxebarria Gasteizko alkatea, Gasteizko Legebiltzarreko agintariak eta lurraldeko beste erakunde eta elkarte batzuk izan dira.
Omenaldian minutu bateko isilunea eta lore eskaintza egin diete bertaratutakoek ‘In Memoriam’ monolitoaren aurrean ‘Argi Basoa’ eskultura multzoan. Aldundiak azaldu duenez, «gure kontzientziak astindu eta gure seme-alabei gogorarazteko Araban errepresio frankista jasan zela». «Haiengandik jaso genituen demokrazia eta askatasunak, eta benetan prezio altua ordaindu behar izan zuten horretarako», azpimarratu du Batzar Nagusietako lehendakariak.
Arabako Errepublikar Ateneoak deitutako omenaldi bat ere izan da leku berean. Prentsari bidalitako ohar baten azaldu dutenez, «basakeria faxista salatzea» izan da ekitaldiaren helburua, «bereziki gure errepublikarren ondare emantzipatzaileari jarraitzea. Eskuinak orain erasotzen duen bere Memoria Demokratikoa defendatzea, langileen eta herritarren artean apolitizismoa eta morrontza-indibidualismoa sustatuz», gaineratu dute.
Hildakoak
Teodoro Olarterekin batera Columba Fernandez CNTko kidea, Manuel Azcona eta Casto Guzman foru diputatuak, Ricardo Ibañez tenientea eta Benedicto Luna bankako langilea hil zituzten.
Ateneoak gogorarazi duenez, Olarteren etxeko beheko solairuan ‘Alava Republicana’ aldizkaria zegoen eta, hori dela eta, orduan Diputazioko Kudeaketa Batzordeko lehendakari zena eta bere semea Juan atxilotu eta torturatu zituzten; azkenean, Miranda Ebrotik gertu hil zuten aita.
1936ko otsailean hautatutako Arabako hamabost kudeatzaileetatik bederatzi faxistek hil zituzten, eta lauk espetxealdi luzea, isunak eta ondasunen bahitura jasan zituzten. Eta aurrez pentsatutako sarraski-planak Elizaren laguntzarekin jarraitu zuen, Ateneoak salatu duenez.
Irailean, besteak beste, Julian Alarcia eta Maeztuko mediku anarkista ospetsua, Isaac Puente Amestoy, hil zituzten. 1936ko urrian Serviliano Etchaberry, Luis Puelles Gredilla, Julio Martinez Bobadilla maisua eta Antonio Uribe Echeverria Gasteizko espetxetik atera zituzten. 1936ko azaroan, Manuel Garcia Lorences ‘Alava Republicana’ astekariaren zuzendaria hil zuten. 1937ko martxoaren 30ean La Pazeko espetxetik atera zituzten Azazetan erailtzeko Teodoro Gonzalez de Zarate alkatea eta beste 15 gehiago.
Ateneoaren arabera, Gasteizen 12.000 pertsona inguru egon ziren preso, eta horietatik berrehun baino gehiago epaitegitik kanpo hil zituzten: horien artean gutxienez hamar emakume egon ziren. 1.575 arabar baino gehiago hil ziren borroka fronteetan.