NAIZ

Lan istripuz hil zen Issoufou D. migratzailearen heriotza salatzeko mobilizazioa Urruñan

CGT, FSU, LAB eta Solidaires sindikatuek eta Etorkinekin-Diakite federazioak eginiko deialdiari erantzunez elkarretaratzea egin dute Urruñan. Hilaren 6an zendu zen Issoufou D. langilea izan dute gogoan. Lan stripuen aurrean protokolo intersindikala plantan emateko beharra berretsi dute.

Azkeneko lan istripuaren harira, prekarietatea salatu dute sindikatuek ekainaren 19 honetan Urruñan.
Azkeneko lan istripuaren harira, prekarietatea salatu dute sindikatuek ekainaren 19 honetan Urruñan. (Guillaume FAUVEAU)

Issoufou D.Boli Kostakoa zen, 50 urte zituen, eta bi seme-alaben aita zen.

2019an heldu den Euska Herrira, etorkizun hobe baten bila, eta hainbat lan egin ondoren, gehienetan oso egoera prekarioan, joan zen apirilaz geroztik eraikuntza alorreko enpresa batean jarduten zuen.

Hondoratze makinarekin lanean zegoela hil zen hilaren 6an egun horretan bere bestetako azken eguna ospatzen duen Urruñako herrian.

CGT Hendaia eta USCBA, FSU, LAB eta Solidaires sindikatuek Etorkinekin Diakite federazioarekin batera irailak 19 honetan Herriko Etxearen aurrean elkarretaratzea egiteko deia egin zuten joan zen latunbatean.

18.30tik aurrera hamarnaka herritar bildu dira lan hildakoaren gertukoei elkartasuna adierazteko xedez.

«Ez gaude hemen abian den ikerketaren gainean eragiteko edo gertatukoaren arduradunak zehazteko, hemen gaude sinpleki Issoufou D. langileari omenaldi bat egiteko eta nehor ez gehiago ez dela lanetik hilik bueltatu behar aldarrikatzeko», adierazi dute elkarretaratzea antolatu duten antolatzaileek.

Edonola ere adi jarraituko dutela lan istripuaren gaineko ikerketa oharrarazi dute sindikatuek, «justizia egin behar dela» agerian jarriz.

Eraikuntza alorrean ematen den prekarietate maila handia dela salatu dute ondoren.

«Issoufou D.k aldi baterako kontratua zuen, eraikuntza alorrean ohikoa den bezala, eta horrek kategoria horretan murgiltzen diren langileen bizitzak zeinen prekarioak diren nabarmentzera eraman behar gaitu, baita oberariek direla lan istripu gehien pairatzen dutenak kontuan hartzera ere», gaineratu dute sindikatuetako ordezkariek.

Sektorearen egoera jasangaitza agerian uzteko xifra gordin batzuk eman dituzte.

Frantses Estatu mailan eraikuntzaren alorrean batazbestean langile bat baino gehiago hiltzen da egunero. Bi minuturo behargin batek ezbeharra pairatzen du lanean ari delarik eta %5ak lan baja hartzera behartzen duen istripu bat izanen du urtero.

Lan istripuei buruzko xifrak

Prekarietateak hiltzen dela mahaigainean jarrita, lan istripuen aurkako nazioarteko eguna kari iragan apirilaren 28an Baionako Merkatal eta Industria Ganbararen egoitza aurrean egin zuten  protestan helarazitako mezua berretsi dute aipaturiko sindikatuek.

Hain zuzen erakunde horren arduradunei lan istripuei buruzko xifrak ematea galdegin zieten,  lan istripuak saihesteko protokoloa intersindikala sortzeari begira.

«Eraikuntza alorrari dagokionez lan mota ezberdinen arrisku maila aitortzea galdetzen dugu», adierazi dute sindikatuetako ordezkariek, era berean istripuak pairatzen dituzten langileen eta haien familien babesa areagotzeko neurriak eskatu dituztela.