NAIZ

Hego Euskal Herriko nekazaritza lurren %6a inguru ekologikoa da, Itun Berdetik urrun

Larunbatean ospatzen den ‘EU Organic Day’ ekoizpen ekologikoaren eguna dela eta Ekolurrak argitara emandako datuen arabera, nekazaritza lurren %5a ekologikoak dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eta Nafarroan %7a, Europak 2030erako ezartzen duen %25etik urruti.

Eredu ekologikoak nekazaritza lurren %5a hartzen du EAEn eta %7a Nafarroan.
Eredu ekologikoak nekazaritza lurren %5a hartzen du EAEn eta %7a Nafarroan. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako nekazaritza lurren %5a eredu ekologikoan ziurtatuta dago eta Nafarroan kopuru hori %7koa da. Hala ere, Europako Itun Berdeak 2030ean ehunekoa %25ekoa izan behar dela zehazten du, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren (Ekolurra) arabera.

Bestalde, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren kasuan ekologikora bideratutako azalera ekoizpenaren arabera aztertzen bada, ortularitza (%19,2) eta frutagintza (%21,05) Europak eskatzen duen laurden horretatik gertuago dago.

Guztira 2.600 elikagai desberdin daude eredu ekologikoan ziurtatuta, kategoria hauetan; haragia, barazkiak, esnekiak, ontziratuak, lekaleak, ogia eta gozogintza, olioa, ardoa, sagardoa, arrautzak... Eta beste elikagai berezi batzuk baita ere, besteak beste gatza, shiitake, kombucha eta pottoka haragia.

Estatu espainolean orokorrean nekazaritzako azalera erabilgarriaren %10an dago aipamen ekologikoarekin ziurtatua. Batez ere Kataluniaren (%24,8), Andaluziaren (%22) eta Valentziaren (%20) eta Balear Uharteen (%19,6) kasuetan.

Europari dagokionez, lursailen %9,1a da ekologikoa. Itun Berdeko –baserritik mahaira- estrategiaren erronka Europako nekazal lurren azaleraren %25a ekologikoa izatea dela kontuan izanik bide honetan irmo jarraitu behar dugu. Dagoeneko erronka bete dutenenartean Austria dago (lursailen %26,4a ekologikoan izena emanda duelarik) eta erronka betetzetik gertu Estonia %23rekin.

Mantendu

Ekolurrak dioenez, lurren ehunekoa handitzeaz gain, dagoena mantentzea da helburua. 2016tik gaur arte, ziurtatutako nekazaritza lurren azalera ia hirukoiztu egin da. 2022an Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak ekoizpen ekologikoari zuzendutako 1.237,28 hektarea berri ziurtatu zituen, nekazaritza lurren 9.104 hektarea okupatuz.

Gipuzkoan, %35eko igoerarekin, izan da lurren azaleraren igoera nabarmenena abeltzain handien izen emateagatik. Ondoren Araba, %12ko hazkundearekin,eta Bizkaia (%5) kokatzen dira. Bestalde, 144.13 Ha eman ziren bajan.

Lurraldeka, hazkundea handiagoa izan da Araban. Hala ere, eragile gehien Gipuzkoan daudeoraindik. Eta Bizkaiko datuei dagokienez, %-2ko jaitsiera izan da. Mahastizaintza eta haragi-ekoizpena goraka doazen sektore gisa nabarmentzen dira. Baratzezaintzaren sektorea, aldiz, egonkortu egin da, nahiz eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan inskribatuta kooperadore ekologikoen erdiak baratzezainak diren.