NAIZ

Irati Iciarrek hartu du Euskaltzaleen Topagunearen lema Kike Amonarrizen eskutik

Irati Iciar da Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari berria. Kike Amonarrizek eman dio lekukoa, Ermuan egindako batzar orokorrean. Fase berri bati ekingo diotela iragarri dute, «euskararen erabilpenean jauzi bat emateko». Arrasateko kongresuan, azaroaren 18an, landuko dute hori nola egin.

Topaguneko makila hartu du Iciarrek, Amonarrizen eskutik.
Topaguneko makila hartu du Iciarrek, Amonarrizen eskutik. (Aritz Loiola | Foku)

Irati Iciar da Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari berria. Azken lau urteetan euskara elkarteen federazioan lemazain ibilitako Kike Amonarrizek pasatu dio lekukoa, ostiral arratsalde honetan Ermuan egindako batzar orokorrean.

Egindako lanaz harro azaldu da Amonarriz. «Pandemiak baldintzatutako lau urte zail eta konplexu kudeatu beharra egokitu zait Topagunean, eta esango nuke modu egokian aurre egin diogula egoera korapilatsu horri», esan du. Era berean, euskara elkarteen federazioaren lehendakaritzaren testigua pertsona aproposari eman diola ziurtatu du: «Itxaropen guztia dut Iratirengan. Iruditzen zait lehendakari fenomenala izango dela. Pertsona gaztea da, gasteiztarra, emakume ikuspegia ekarriko du… ekarpen oso inportantea izango da Euskaltzaleen Topagunearentzat».

Iciar ez da berria zeregin horretan, lehendik ere Topaguneko zuzendari batzordeko kide baitzen. Ibilbide luzea du euskalgintzan. UEUko koordinatzailea da, eta Gasteizko GEU elkarteko lehendakaria. Erronka berriari ilusioz eta gogoz heldu diola adierazi du: «Aitortu beharra daukat bertigo pixka bat dudala, baina batez ere itxaropena eta lan egiteko gogo izugarria daukat. Gainera, oso babestua sentitzen naiz. Topagunera nator, ibilbide luzea eta eragin handia duen erakunde batera, baina zaildutako lantalde sendo baten laguntasuna dut, ez nago bakarrik».

Euskal Herri osorako proposamen bat

Ez da hori izan batzar orokorrean iragarri duten nobedade bakarra. Izan ere, Topaguneak aro berri bati ekingo dio. Euskara bidegurutzean aurkitzen dela iritzita, aldi berri horrek erabilpenean jauzi bat ematea du helburu eta azaldu dutenez, Euskal Herri luze-zabalerako baliagarria izango den proposamen bat garatzen ari dira.

Hala mintzatu da Amonarriz: «Bultzada bat behar du hizkuntzaren biziberritze prozesuak, eta bultzada horren emaitzak izan behar du erabileran jauzi bat egitea». Iciar bat dator: «Gizartean erabileraren aldeko eraldaketa eman dadin, euskalgintzaren barruan zein kanpoan dauden eragile eta sektore guztiei zabaldu nahi diegu proposamen hau».

14 kidez osatutako talde batek abian jarritako Batera Jauzi dinamika izango du oinarri eta azaroaren 18an Arrasaten egingo duten hirugarren kongresuan aurkeztuko dute. Hain justu, batzar orokorrean plazaratu dituzte zazpi hilabetetan hainbat sektoretako eragileekin elkarlanean landutako Batera Jauzi dinamikaren irizpideak.

Erabakitzeko tarte bat irekiko dute orain kongresura bitarteko denboran, erakundearen hurrengo hamarkadetako lan-ildo eta estrategiak definituko dituen ponentzia definitiboa gorpuzteko.

Batera jauzi dinamikaren inguruko zein Euskaltzaleen Topagunearen hirugarren kongresuko informazio gehigarria federazioaren webgunean topa daiteke.