Amalur Artola
Amalur Artola Kulturako koordinatzailea / coordinadora de Cultura

Belodromoa bete soinu-banden olatuan bidaiatzeko

Filmetako soinu-banden interpretazio sinfonikoak eskaintzen dituen ‘Kontzertua & Proiekzioa’ emanaldia egonkortu da jada. Gonbidapenak agortuta, Belodromoa jendez lepo egon da, filmeetako emozioak entzumenaren bidez jasotzeko. Musikagile batzuk ere izan dira, ‘Irati’ eta ‘Nora’ren egileak tarteko.

Bedromoa beteta ekin zaio ikuskizunari.
Bedromoa beteta ekin zaio ikuskizunari. (NAIZ)

Eserleku huts gutxi ikusi ditugu larunbat eguerdian, Zinemaldiaren testuinguruan, Euskadiko Orkestrak eskaini duen ‘Kontzertua & Proiekzioa’ emankizunean. Doako sarrerak agortuta, saioa hasi baino orduerdi lehenagorako Belodromoko 400 metro karratuko pantaila erraldoiaren pareko eserlekuak beteta zituzten ikusle goiztiarrenek; jende oldearen artean gazterik –eta haurren bat edo beste– ikusi badugu ere, bataz-bestekoa 55 urtetik gorakoa izan da, nabarmen. Horra, musika sinfonikoaren erronketako bat.

Programan, sei proposamen: Ivan Palomaresek ‘Las niñas de cristal’ filmerako sortutako soinu-banda, Victor Reyesek ‘Love gets a room’erako konposatutako, ‘Modelo 77’ filmeari Julio de la Rosak jarritakoa, Maite Arroitajauregi ‘Mursegok’ eta Arantzazu Callejak ‘Irati’-rentzat egin zutena, Paula Olazek ‘Nora’ filmerako osatua eta, azkenik, Fernando Velazquezek ‘Momiak’ animazio filmerako konposatutakoa. Eta, oholtzan, Euskadiko Orkestra eta Oñatiko Ganbera Abesbatza (‘Las niñas de cristal’, ‘Love gets a room’ eta ‘Modelo 77’ filmeetako soinu-banden interpretazioan), guztiak Juan Jose Ocon donostiarraren zuzendaritzapean.

Hamabietan puntuan, Aizpea Goenagak, aurkezle lanetan, ongietorria eman eta oholtzara igoarazi ditu bertan ziren soinu-banden egileak. Hitz batzuk ere eskaini dituzte, saioaren abiapuntu gisa. Callejak ‘Irati’-ko soinu-banda formatu sinfonikoan entzuteak egiten dion ilusioa nabarmendu du, «ez baita ohikoa, eta guretzat luxu bat da, benetan zirraragarria», ziurtatu du. Bertan izan dira, baita ere, filmeko zuzendari Paul Urkijo, jantziteriaren arduradun Nerea Torrijos eta Xabier Zeberio musikaria. Arroitajauregik bere egin ditu Callejaren hitzak, eta eskertza egin dio ‘Irati’-ko lantalde osoari, baina batez ere «musikariei, beraiek egiten dutelako posible hau guztia».

Ivan Palomaresek, bere aldetik, ‘Las niñas de cristal’ «artearen sakrifizioaren gaineko filma» dela azaldu du, «baina baita adiskidetasunaren gainekoa ere». «Biba musika!» esanez amaitu du bere partehartzea.

Paula Olazek ‘Nora’-rako sortu zuena bere lehen soinu-banda izan zela ekarri du gogora, Pascal Gaignerekin batera eraikia. «Musikak ate asko irekitzen dizkizu eta horregatik nago gaur hemen. Eskertza berezia egin nahi diot Pascali, zinemaz asko ikasi dudalako, esaten denaz eta esaten ez denaz», aipatu du.

Emanaldiari hasiera ‘Las niñas de cristal’ konposizio fin eta lirikoarekin eman diote, eta amaitzean Oconek oholtza utzi eta harmailetara egin du jauzi, Palomaresi eskua eman eta, hark sortutako partiturak goratuta, konposizioengatik eskertza egiteko. Gauza bera egin du ‘Irati’ eta ‘Nora’ko interpretazioen ostean, musikarien arteko errespetu eta kidetasuna agertuz. Konposatzaileek, aldi berean, musikariek egin duten konposizioen interpretazioak txalotu dituzte.

Eta hala joan da emankizuna, ‘Love gets a room’-en egonezinetik ‘Modelo 77’-ren tentsiora, ‘Irati’-rekin fantasiazko doinuetara bidaiatu eta ‘Nora’-ren partitura jostarietaraino, programa Velazquezen ‘Momia’-rekin itxi arte: erritmo bizien artean, filmeko kantu nagusiaren euskarazko bertsioarekin –euskara izan da saioan entzun den hizkuntza bakarra, eta birritan gainera, ‘Irati’-n ere aditu baita– amaitu da saioa. Publikoak gogoz txalotu ditu musikariak, askok eserlekuak bizkor utzi badituzte ere.