NAIZ

ELA: «EBZk atzeraldia eragin eta langabezia handitu nahi du langile klasea geldiarazteko»

ELA sindikatuko idazki nagusiak gogor kritikatu ditu astelehen honetan EBZk hartutako erabakiak. «Lagardek, hipotekak garestitzeaz gain, langabezia igo nahi du, langile klasearen negoziazio boterea ahultzeko», azpimarratu du Mitxel Lakuntzak.

ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntza astelehen honetako agerraldian.
ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntza astelehen honetako agerraldian. (Oskar MATXIN | FOKU)

«Lagardek, hipotekak garestitzeaz gain, langabezia igo nahi du, langile klasearen negoziazio boterea ahultzeko». Hala adierazi du astelehen honetan Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusiak.

Salatu duenez, Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidenteak «langabezia handitzeko interes tasak igo behar direla» proposatu du eta, «horrela, langile klasearen negoziazio boterea murriztu, soldatak gutxiago hazteko».

Lakuntzak Lagarderen aurka jo du ‘Egoeraren Azterketa’ 145. txostenaren aurkezpenean. Dosierrak egungo egoera ekonomikoa aztertzen du, bai nazioartekoa bai Euskal Herrikoa, eta arreta berezia jartzen du bizitzaren garestitzean.

Ikerketa Bulegoko kidea den Aitor Murgiak nabarmendu du prezioek handitzen jarraitzen dutela. «Elikagaiak %25 garestitu dira bi urtean, eta urte arteko KPIa %2,6an badago ere, berriz ere handituko da; urte amaieran %4tik gora kokatuko da», adierazi du.

Kritikatu duenez, «ez da benetako kausetara jotzen, eta langileria pobretzeko politikak aplikatzen jarraitzen da, hala nola tasen igoera». «Analisi guztiek adierazten dute inflazioa enpresa mozkinen gorakadak eta espekulazioak eragin dutela batez ere», esan du.

Azaldu duenez, Enpresa Marjinen Behatokiaren arabera, espainiar Estatuko enpresek marjinak handitzen jarraitu dute 2023ko lehen hilabeteetan, %14raino handituz, eta energia eta garraio enpresak izan dira marjina handiena izan dutenak, %25etik gora. Baita bankuak ere.

«2023ko lehen seihilekoan, Ibex-35eko bankuek, Unicajak izan ezik, 12.500 milioi euro baino gehiago lortu dituzte 6 hilabetean. Kutxabankek eta Laboral Kutxak ere iazkoak baino askoz emaitza hobeak izan dituzte», gaineratu du.

Hori guztia EAEko ohiko gastuei aurre egiteko diru-sarrera nahikorik ez duten pertsonen ehunekoak gora egin duenean. «2022ko Gizarte Premiei buruzko Inkestak adierazten du EAEko biztanleen %22,3 –ia 500.000 pertsona– ez direla iristen gure gizartean espero diren gutxieneko ongizate eta erosotasun mailei eusteko beharrezkotzat jotzen diren diru-sarreretara».

Joera negatiboa

Halaber, Murgiak adierazi du aztertutako datuek erakusten dutela ekonomia moteltzen ari dela, eta datozen hilabeteetan joera negatiboan jarraituko dugula. «Errealitate hori indar handiagoz ari da eragiten industrian, hiruhileko arteko %0,6ko jaitsiera izan baitu bigarren hiruhilekoan, eta urte arteko %0,5eko jaitsiera EAEn».

Europako ekonomia industrializatuenei ere eragiten die, eta horien bilakaera txarra azaltzen du, Alemaniaren kasuan bezala. «Zerbitzuen sektoreak eta etxeen eskariak BPGren hazkundeari eusten badiote ere, aurrezkien amaierak eta interes tasen gorakadak familien kontsumoan izango dute eragina eta, ondorioz, BPGren dezelerazioan», ohartarazi du, eta Europa «inflazio handiko geldialdira» hurbiltzen ari dela erantsi.

Lan erreforma

Bestetik, ELAko idazkari nagusiak lan erreforma ere salatu du, «negoziazio kolektiboaren estatalizazioari eusteaz gain, ez dituelako iragarritako ondorio positiboak ekarri». «Lan erreforma ez da saldu zutena», dio.

Sindikatuaren datuen arabera, azken hiruhilekoan 22.100 pertsona gehiago daude aldi baterako kontratuekin, eta iraupen mugagabekoak 13.700 gehiago. Ondorioz, behin-behinekotasuna %20,5era igo da. Gainera, ELAren hitzetan, «emakumeek prekarietate handiagoa jasaten dute: behin-behinekotasuna %24,2ra iritsi zen, eta gizonena, berriz, %16,8».

«Horri guztiari gehitzen badiogu erregistratzen diren kontratuen %77 aldi baterakoak direla oraindik, argi geratzen da elkarrizketa sozialaren akordioarekin patronala garaile izan dela, beste behin», dio.

Ildo horretan, Lakuntzak deitoratu du EAEko sektore publikoaren «behin-behinekotasun handia, %49,4koa». «Erakundeen utzikeria erakusten du horrek. Behin-behinekotasun horrekin, 10 urtez izoztutako hitzarmenekin eta erosteko ahalmenaren %20ko galerarekin, ez al dago justifikatuta sektore publikoko greba? Elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa bultza ditzakeen gauza bakarra dira grebak eta mobilizazioak».

Pobrezia

Pobrezia tasari dagokionez, idazkari nagusiak errefusatu du Lakuaren «diskurtso autokonplazientea». «Euren datuek aitortzen dute pobrezia handitzen ari dela. Ebidentzia guztien aurka, pobreziarik ez dagoela sinestarazten saiatzen dira. Izena bera aldatu diote: ‘ongizate eza’ esaten diote».

Beharra duenari erantzuteko gai den «benetako gizarte prestazioen politika» defendatu du, «egungo sistemak estaldurarik gabe uzten baitu behar duen lau pertsonatik bat».