NAIZ

64 pilotari lehiatuko dira Hiru Hiriburuak torneoaren bigarren ekitaldian

Txapelketa igande honetan hasiko da Gasteizen pilota maratoi batekin eta finalak urriaren 15ean jokatuko dira Bilboko Bizkaia pilotalekuan.

Elite mailan arituko diren pilotari batzuk txapelketaren aurkezpenean.
Elite mailan arituko diren pilotari batzuk txapelketaren aurkezpenean. (EMC)

Iazko lehen edizioaren arrakastak hauspotuta, emakumezkoen Hiru Hiriburuak pilota txapelketak bere bigarren ekitaldiari ekingo dio asteburu honetan. Beste behin, Emakume Master Cup zirkuituak hasieratik izan dituen printzipioei leial, Gasteiz, Donostia eta Bilbo batuko dituen txapelketa hau erabat irekia izan da, hau da, parte hartu nahi izan duten emakume guztiek izan dute izena emateko aukera.

Aukera hori zabalagoa izan dadin eta emakume bakoitzak bere errealitate eta beharretara egokitzen den plaza bat izan dezan, txapelketa bost maila desberdinetan banatuko da; pilota goxoko gazteak eta nagusiak eta gero eta indar handiagoa duen pilota mistoko gazteak, promesak eta eliteak. Gogoan izan behar da, txapelketa honi esker, emakumeen esku pilotak geratzen zaion muga apurretako bat hautsi duela azken uda honetan eta iazko eliteko bi bikoterik onenek Ameriketako Estatu Batuetan jokatzeko aukera izan dutela.  

Aurten denera 64 izan dira izena eman duten emakumeak eta txapelketari hasiera igande honetan emango diote Gasteizen, Mendizorrotzako Beti Jai instalazioek eskaintzen dituzten bost pilotalekuak erabilita, pilota maratoi batekin.

Aurre-kanporaketa honetatik Donostian urriaren 8an jokatuko diren finalerdietarako sailkatuko diren bikoteak irtengo dira eta finalak aurten Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko dira, urriaren 15eko eguerdian, ETB-1ek zuzenean emango duen jaialdian. Eliteetako iazko txapeldunak Arrizabalaga-Capellan izan ziren, baina aurten bakoitza bere aldetik saiatu beharko da txapela errepikatzen. Arraiza-Oses, Arrizabalaga-Erasun, Garai-Arrillaga, Etxegarai-Capellan, Beitia-Gaminde, Aldai-Bergara eta Zabaleta-Mendizabal izango dira elite mailan arituko diren bikoteak.