Ion Salgado

Galder Barbado eta Aitor Zelaia, atxilotuak izateko arriskuan

Irailaren 15ean kartzelatze agindua heldu zitzaien Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazte arabarrei. Auzitegiek emandako epea amaitu da, eta biak atxilotuak izateko arriskuan daude. Larunbatean manifestazio bat deitu dute Gasteizen beraien aurkako epailaren kontra. Egunero ari dira mobilizatzen.

Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren aldeko mobilizazioa, Gasteizen.
Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren aldeko mobilizazioa, Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Irailaren 15ean, Galder Barbadok eta Aitor Zelaiak jaso zuten espetxeratze agindua. Auzitegi espainiarrek emandako epea amaitu da, eta gazte arabarrak espetxeratzeko arriskuan daude.

2019ko otsailaren 7an atxilotu zituzten gazteak, «material lehergarriak» zituen bidoi bat «helburu terroristekin» gordetzea egotzita. Eta ia sei hilabete igaro zituzten espetxean. Hortik bi urtetara, 2021eko otsailean, Espainiako Auzitegi Nazionalak bi gazteen aurkako epaia eman zuen: lau urteko kartzela zigorra, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta hamar urteko inhabilitazioa ezarri zien.

Epaiketak agerian utzi zuen frogen gabezia, eta abokatuak helegitea aurkeztu zuten, baina joan den maiatzean Auzitegi Goren espainiarrak ebazpena berretsi zuen.

«Espainiar Justiziak Ertzaintzak sukaldatutako prozesu honi espero genezakeen amaiera eman dio. Beste behin ere, euskal jendarteari ulergaitza egiten zaion guda eta errepresio politikari eutsi diote», salatu zuen.

Barbado eta Zelaia, artxiboko irudi batean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Eta duela bi aste, lau urte eta erdiko ibilbide judizialaren ostean, espetxeratze agindua iritsi zen. «Berriro ere Ankerkeriari Stop oihukatuko dugu. Azkena izan dadin. Aitor eta Galder aske nahi ditugulako. Baina batez ere, traben eta oztopoen gainetik, Euskal Herria aurrera egin dezan», adierazi zuen plataformak.

NAIZek jakin duenez, auzitegiek emandako kartzelatzeko epea amaitu da, eta bi gazteak atxilo eta espetxeratzeko arriskuan daude.

Beraien egoera salatzeko hainbat ekimen izan dira azken asteetan, eta ostegun honetan ere mobilizazioak izan dira Gasteiz, Donostia edota Iruñean, esaterako.

Bergaran eta Donostian autobus bana geldiarazi eta margoketak egin dituzte, egoera salatzeko.

 

Dena den, ekimen nagusia larunbatean izango da, Arabako hiriburuan, 18.30ean, Artiumetik abiatuta.

Izan ere, Maddalen Muguruza plataformako kideak joan den astean NAIZ Irratian azaldu zuenez, «ankerkeria kasu hauen aurrean Euskal Herriak herri bezala erantzun behar du, gure artean babesteko behar hori daukagu, baita antolatzeko gaitasuna ere».

«Uste dugu elkartasuna gure motorea izan behar dela eta are indar gehiagorekin erantzuteko deia luzatu nahi dugu», gaineratu zuen, prozesua «zentzurik gabe» luzatu dela salatu ondoren, bi gazteen bizitza baldintzatuz.

Sarek bat egin du manifestazioarekin

Sarek bat egin du Ankerkeriari Stop plataformak larunbatean Gasteizen deitu duen mobilizazioekin.

«Galder eta Aitorrek epailearen aurrean indarkeriarik gabeko estrategiarekin bat egiten dutela argi adierazi arren, eta froga irmorik gabeko epaiketa baten ostean, mendeku tresna gisa erabilitako justiziaren praktika salatzen dugu, duela 12 urte ireki zen itxaropen aroa kontuan hartzen ez duena. Urte luzez luzatu den indarkeriaren mamua betikotzeko jarrera nabaria da», adierazi du ohar batean.

Eta «espetxeen problematikari aterabidea eman eta sufrimendu guztiekin amaitzearen alde urratsak ematen ari garen honetan, honelako epai eta espetxeratzek» ez dutela lekurik ohartarazi du. Presondegiak betetzeak ez du inolako kabidarik elkarbizitzarako eta bakerako bidean», gaineratu du.