Astrabuduko osasun-zentroaren atarian egin duten protestarekin, duela egun batzuk bertako profesional bati egindako erasoa salatu dute Osakidetzako eta Osasun Saileko kideek. Eguerdiko hamabietan egin dute elkarretaratzea, hamar minutuz isilik bilduta.
Hala, «erabateko gaitzespena» adierazi nahi izan dute langileenganako edozein erasoren aurrean, eta egiten duten lana errespetatzeko eskatu nahi izan dute, «herritar guztiei zerbitzu bat eskaintzea» helburu baitute profesionalek.
Pintura bota zien
Gertakariak joan den astelehenean, hilaren 25ean, jazo ziren. Herritar batek pintura-pote bat bota zien Astrabuduko Osasun Zentroan (Uribe Erakunde Sanitario Integratua) administrazio alorrean lanean ari ziren profesionalei.
Uribe ESIko zuzendaritzak, Nerea Urien Osasuneko sailburuordearekin batera, salatu egin ditu gertakari horiek, eta «erabateko gaitzespena» adierazi dute osasun-arloko profesionalen aurkako edozein erasoren aurrean.
Uribe ESIko zuzendaritza-taldeak, zuzendari kudeatzailea buru duela, bere babesa adierazi dio zentroko laguntza-taldeari, eta adierazi du eraso hori dela 2023an eta aurreko urteetan Erakunde Sanitarioaren zentro eta unitateetan gertatzen ari diren hainbat gertakariren azkena.