NAIZ

Presoen etxeratzea oztopatzea gero eta ulergaitzagoa dela nabarmendu dute ikasturte berrian

3.000 lagun inguru atera da kalera ikasturte berriko lehen azken ostiralean ‘Etxera’ aldarria ikusarazi eta entzunarazteko. ETAren ekinbide armatua amaitu zenetik hamabi urte pasa direla, eta desagertu zenetik bost, ekarri dute gogora.

Barbado eta Zelaiaren kasua salatua izan da ere azken ostiral honetako mobilizazioetan. Irudian, Bilbon egindakoa.
Barbado eta Zelaiaren kasua salatua izan da ere azken ostiral honetako mobilizazioetan. Irudian, Bilbon egindakoa. (Monika del Valle | Foku)

Ikasturte berrian aurretik datorren aldarrikapenari eutsi diote 3.000 lagun inguruk iraileko azken ostiral honetan: «Etxera». Parte hartze datu hau 53 herri eta hirietan Sarek eta Etxeratek batera egindako mobilizazioetan oinarritzen da, nahiz eta gehiago ere izan diren.

Hauek dira datuak, elkarte hauek jasoak; Oñatin 50 lagun, Zegama 10, Errenteria 80, Astigarraga 30, Hernani 97, Urduliz 4, Gasteiz 200, Lezo 35, Lekeitio 85, Iruñea 64, Etxarri-Arantz 72, Orozko 13, Zeberio 32, Lizartza 34, Mendaro 8, Busturia 30, Laudio 24, Galdakao 52, Zuia 47, Zestoa 22, Basauri 25, Mañaria 22, Bergara 40, Arrasate 160, Leioa 42, Irurtzun 20, Muxika 15, Arrigorriaga 25, Ondarroa 103, Erromo-Itzubaltzeta 26, Portugalete 25, Ikaztegieta 15, Algorta 74, Lazkao 69, Usurbil 50, Markina-Xemein 48, Lasarte-Oria 80, Amurrio 35, Durango 60, Ea 31, Gernika-Lumo 70, Bera 35, Orio 12, Berriozar 40, Zornotza 38, Deba 41, Ugao 55, Araitz-Betelu 14, Lekunberri 7, Santurtzi 56, Bilbo 105, Zaratamo 27, Donostia 120.

Toki guzti hauetan irakurritako mezuak errealitate aski ezguna nabarmentzen du: «Orain, ikasturte berriaren hasierarekin batera, berriro diogu ez dugula inongo pribilegiorik eskatzen. Salbuespena indargabetu eta lege arrunta aplikatuz, euskal preso guztiak etxera bidean jartzea besterik ez. Nekez uler daiteke, ETAren jardueraren amaieratik 12 urteren ostean eta bere desagerpenetik bost urte baino gehiago pasatu direnean, espetxetik irteteko zigor krudela ezartzea oraindik orain pertsona horiei. Euskal presoek bataz beste 20 urteko zigorrak bete dituzte eta badira preso batzuk 30 urte baino gehiago daramatzatela espetxean», ekarri dute gogora.

«Auzitegi Nazionalaren eta Fiskaltzaren jarrerek argi adierazten dute mendekuan eta gorrotoan gotorturik jarraitzeko hautua egin dutela. Nola uler daiteke bestela Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteek jasotako epaia? –jarri dute adibide gisa, Gasteizen larunbat honetan egingo den mobilizazioaren bezperan–. Iraganari begira eraikitako epaia da, gizarte honek gainditu baino egin nahi ez duena».

«Etorkizunari eta elkarbizitzari ateak irekitzeko unea da, gehiengo politiko, sindikal eta sozialak argi eta garbi esan du konponbide bat behar duela preso, iheslari eta deportatuen auziak. Baina, Auzitegi Nazionala eta politika eta komunikabideen hainbat sektoreek hemen ezer aldatu ez balitz bezala jokatzen jarraitzen dute. Jarrera horiek ez dute betetzen espetxe-politika humanistaren legezko helburua», salatu dute Sarek eta Etxeratek.

Euskal gizarteari eta Espainiakoari ere

«Euskal gizarteari, baita Espainiakoari ere, gure helburuak zein diren argi eta garbi azaltzen jarraitu behar dugu. Etxera. Bai etxera –adierazi dute elkarretaratze hauetan–. Euskal gizarteak berak, alderdi politikoek, sindikatuek, gizarte-erakundeek eta herritarrek izan behar dute salbuespenari eta arbitrariotasunari amaiera emateko giltza. Gutako bakoitzak badu bere esku gauzak aldatzea».

Aipamen berezia egin diete duela 22 urte urruntzearen eraginez auto istripuz hil ziren Iñaki Saez eta Asier Herizi (irailean gertatu zen ezbeharra). Hauek eta gainerako 14ek ez dutela oraindik aitortza ofizialik izan oroitarazi dute.


.