NAIZ

Zale babazorro eta gorritxoen arteko adiskidetasuna nagusi Gasteizko kaleetan

Alaves eta Osasunak igande honetan, 16.15etatik aurrera, jokatuko duten euskal derbia dela-eta, Gasteizko kaletak urdin-zuri eta gorri kolorez tindatu dira. Eguraldia lagun eta bi taldeen arteko giro sanoa nabarmenduz, sekulako giroa nagusitu da Arabako hiriburuan.

Adiskidetasuna, giro sanoa, musika, dantza... Gasteizko kaleek, derbiaren aitzakiarekin, kolore urdin-zuri eta gorriz jantzi dira igande honetan. Bi taldeen arteko harreman ona agerian geratu da hiriburuaren erdialdean, bi zalegoak, elkarrekin ospatu baitute eguna, oro har. Zelaian agertuko da areriotasuna, baina beti ere ikuspuntu sano eta kirol legean oinarrituta.

Zale gorritxo andana mugitu da Gasteizera, egun pasa egin eta bere taldea garaipenera bideratu asmoz. (N.M.)

Alaves eta Osasunaren arteko euskal derbia 16.15etan hasiko da, Mendizorrotzan. Sarrera guztiak agortu dira, bigarren aldiz sasoi honetan –lehendabizikoa Athleticen aurkako derbian izan zen– eta beraz, sekulako giroa espero da estadioan bertan.

Beroketa lanak, baina, garaiz egin behar dira beti eta zaleek oso ongi dakite hori. Larunbatean, Reala eta Athleticen arteko derbian, Donostia testigu izan zen, bi zalegoak elkartuta, egun pasa polita egin baitzuten. Batzuk alaiago oheratuko ziren besteak baino, baina esaten den moduan «lo bailau, bailau está».

Horixe bera errepikatu da igande goiz honetan Arabako hiriburuan, batez ere erdialdean. Bazkalosteko orduan jokatzen da partida baina hori ez aitzaki nahikoa. Eguraldia lagun, kaleak jendez bete dira, musika doinuekin gorputzak mugitu, eztarriak berotu eta estadiora forma onean iristeko. Futbola aitzakia ezin hobea baita euskal zaleen arteko adiskidetasuna munduari erakutsi eta euskal nortasunaren aldarri ozena helarazteko.

Zale babazorro eta gorritxoek elkarrekin girotu dute Gasteiz erdialdea. (N.M.)