NAIZ

238 Jendarmeria brigada berri sortzeko asmoa baieztatu du Macronek, horietako bat Azkainen

Emmanuel Macron Lot-et-Garonneko departamenduan izan da gaur 2022an hitz eman zuen Jendarmeriaren baliabideak areagotzeko plana zehazteko. 2000. hamarkadan 500 brigada bertan behera utzi ondoren, 2023-2027 artean 238 Jendarmeria brigada sortuko dituzte Hexagonoan, horietako bat Azkainen.

Azkaineko pilota plaza.
Azkaineko pilota plaza. (Gaizka IROZ)

Emmanuel Macron Lot-et-Garonneko departamenduan izan da gaur 2022an hitz eman zuen Jendarmeriaren baliabideak areagotzeko plana zehazteko.

Gauean, berriz, frantziar telebista aurrean azalduko da, oro har, segurtasun gaiari buruz bere planak azaltzeko.

Macronek iragarri duenez, Hexagonoan zehar Jendarmeriako 238 brigada berri sortuko dituzte 2023 eta 2027 urteen artean. Horrendako, 2.100 jendarme berri erroldatuko ditu frantses Estatuak.

Pirinio Atlantikoen Prefekturak agiri baten bidez zehaztu duenez, Euskal Herria eta Biarno batzen dituen departamenduan brigada ibiltari bi sortuko dira plan horren baitan, bata Biarnoko Lasseube herrian eta bigarrena Lapurdiko Azkaine herrian.

Departamenduan orotara 40 brigada ditu landa eremuan seguratasunaren ardura hartzen duen Jendarmeriak.

Pirinio Atlantikoen Prefekturak adierazi duenez, brigada berri bi horiek sortuz «herritarekiko harrera eta biktimen artatzea» hobetu ahal izango du Jendarmeriak.

2000. urtean Jendarmeriako 500 bat brigada bertan behera geditu ostean, oraingoan 200dik gora brigada berreskuratuko ditu frantses Estatuak «lurraldearen eboluzio demografikoa eta baita delinkuentziaren bilakaerari hobeto erantzuteko».

Pirinio Atlantikoen departamenduari dagokionez, Prefekturaren arabera «segurtasun indarren presentzia lurralde osoan zehar bermatzeko» aukera izanen du Jendarmeriak ondoko hilabete eta urteetan eskuratuko dituen baliabide berriei esker.

Estatuaren ordezkaritzak nabarmendu duenez, azken bi urteotan auzapezekin adostasuna erdiesteko prozedura martxan eman du Prefekturak. Bere erranetan, desmartxa horren ondorioz heldu da brigada berrien kokapenari buruzko deliberoa.

Frantses Jendarmeriako brigada bat sei eta berrogei kide artean osaturik dago. Gaur gaurkoz ezin da zehaztu efektibo horietatik zenbat izanen diren Azkainen. 

Lasserre, kontent

Pirinio Atlantikoen Kontseiluko presidenteak, Jean-Jacques Lasserrek bere poztasuna azaldu du departamenduan Jendarmeriako brigada berri bi lekutuko direlako.

Agintari zentristak agiri baten bidez azaldu duenez aipaturiko brigadek «zerbitzuak emanen dizkiote populazioari eta horretaz gain landa eremuan gertuko segurtasuna aregotuko dute».

Finean, «lurraldearen garapenaren ikuspuntutik» baitaere jendarme kopurua emandatzeak duen «garrantzitsua» azpimarratu du departamenduaren buruak.