NAIZ

Tramitatzen ari den Hezkuntza Legearen aurkako manifestazioa deitu dute urriaren 29an Donostian

‘Euskal Eskola Publikoaz Harro’ topaguneak manifestazioa deitu du urriaren 29rako, «hezkuntza lege honi ez» esateko. Donostian egingo dute mobilizazioa, goizeko 12.30ean Boulevarretik abiatuta.

Gasteizko Parlamentuaren aurrean egin dute deialdia.
Gasteizko Parlamentuaren aurrean egin dute deialdia. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gasteizko Legebiltzarrean Hezkuntza Legeaz egin behar duten eztabaidaren aurrean ‘Euskal Eskola Publikoaz Harro’ topaguneak manifestazioa deitu du urriaren 29rako, «Euskal Eskola Publikoaren alde, lege honi ez!» lelopean. Hain zuzen ere, Lege proiektuari «erabateko aurkako jarrera» agertu nahi diote.

Topaguneak astearte honetan Gasteizko Parlamentuaren aurrean egindako agerraldi batean azaldu duenez, iaz Bilbo, Donostia eta Gasteizko kaleetan egindako mobilizazioen bide beretik jarraitu nahi dute.

Lege proiektua «pribatizatzailea» dela salatu dute. Haien aburuz sistemak duen arazo nagusiena «duala izatea» da eta hori «segregazio sortzaile etengabekoa» dela uste dute, baita Hezkuntza Lege berriaren proiektuak ez duela arazo hori konponduko ere.

Gainera, topagunearen iritziz «ez du ikasleen euskalduntzea bermatzen, doktrinamendua baimentzen du eta eskolen arteko lehian oinarritzen den autonomia sustatzen du».

Halaber, hezkuntza sistema hobetzeko aldarrikatzen dituen ezaugarri nagusiak datozen asteetan zabalduko duten dekalogo batean jaso dituzte. Era berean, eskari zuzena egin diete talde politiko guztiei: «Zerbitzu Publikoak babestu eta indartzearen aldeko apustua egin dezaten, hezkuntza arloan ere, alegia, Euskal Eskola Publikoa lehenetsi eta Hezkuntza Lege honi ezezkoa eman diezaioten, Euskal Eskola Publikoa hezkuntza baita arloko Zerbitzu Publikoa bakarra, Denona eta Denontzakoa».