NAIZ

‘Kale edo bale, ahaidetasun feministetara’ jardunaldien lehen saioa izango da Azpeitian

Iazko (ez) amatasunen jardunaldiei jarraipena emanez, mintegi batzuk prestatu ditu Emagin elkarteak udazkenerako, ahaidetasunen, gurasotasunen eta amatasunen gainean hausnartzen segitzeko. Aurreneko saioa larunbat honetan bertan izango da, Azpeitian. Amatasunen ondoez eta erresistentziez ariko dira.

(Ez) amatasunei feminismotik begiratu zieten Emagin elkarteak antolatutako jardunaldietan, iazko udazkenean Donostiako Tabakaleran.
(Ez) amatasunei feminismotik begiratu zieten Emagin elkarteak antolatutako jardunaldietan, iazko udazkenean Donostiako Tabakaleran. (Jon URBE | FOKU)

Emagin elkarteak hiru mintegi antolatu ditu udazkenerako, amatasunen, gurasotasunen zein ahaidetasunen gaineko gogoeta sustatu eta eztabaida feministarako gunea sortu nahian, joan den urtean egin zituen (ez) amatasunen jardunaldiei jarraipena emanez. Ekitaldi irekiak dira eta parte hartzera animatu dute.

Lehen mintegia larunbat honetan bertan izango da, Azpeitian. Bigarrena, urriaren 21ean, Zumaian, eta azkena, azaroaren 18an Errenterian. Honako galderetatik abiatuko dira: Nolako erreferenteak behar ditugu ahaidetasunak feminismora biratzeko? Nola indartu ditzakegu senidetasun iruditeria berriak? Zein dira erditzen diren gorputzen beharrak? Nola egin aurre gizonen absentziari? Nolako interpelazioa egin behar dugu? Amatasunak dakarren bakardadearen aurrean nola egin kriantza komunitarioa feminizazioan berriz ere erori gabe? Nola erreferentzializatu ez-amatasun kontziente eta politikoak? Zein paper izan behar dute horretan guztian erakunde publikoek, merkatuek, komunitateek?

Emagin elkartean argi dute: «Erreprodukzio sozialaren krisi sakon baten aurrean gaude; hots, bizitzak aurrera egiteko eta era duinean erreproduzitzeko erabateko oztopoak ditu. Bizitza berrien sorkuntza zein izakion zaintza gizartearen bazterrean gelditu da eta bere tokian kapitalaren metaketa jarri da. Zaintza zein ugalketa lanak indibidualizatu dira, feminizatu, merkantilizatu, eta etxeetan zein familia nuklearretan pribatizatu».

Gaineratu dutenez, inkontziente sozial moduko batean sartu garela diote, zeinetan ukatu dugun izaki hauskorrak garela, bizitza iheskorra dela, eta zaurgarritasunak definitzen gaituela. «Arrakastaren eredua erabateko autonomiarekin lotu dela azpimarratzen dute, besteen beharrik ez izatearekin». Baina Emaginek kontrakoa defendatzen du, inor ezin dela bakarrik bizi eta elkar zaindu behar dugula.

Azpeitian, amatasunen ondoezak eta erresistentziak

Amatasunen ondoezak eta erresistentziak izango dituzte mintzagai larunbat honetan Azpeitiko Emakumeen Txokoan. 9.00etan irekiko dituzte ateak eta 9.45ean gaur egungo mugez eta ezinegonez ariko dira Parean Elkarteko lagunak, Silvia Agüero eta Natalia Gardeazabal.

Atsedenaren ondotik, minak sendatzeko gakoak emango ditu Azpeitiko Amen Sareak, eta 13.30ean amaituko da saioa.

Zumaian, ahaidetasunen fikzio eta utopiak

Zumaiako Emakumeon* Etxean, ahaidetasunen fikzio eta utopiak jorratuko dituzte. ‘Ama ta Asunak’ erakusketa, dokumentala eta solasaldia izango dira June Baonzarekin, eta gero mahai-ingurua Jule Goikoetxea, Elixabete Imaz eta Danele Sarriugarterekin.

Absentziak eta eraldaketak Errenterian

Azaroaren 18an izango da Emagin elkartearen hirugarren mintegia, Errenteriako Emakumeen Etxean. Absentziak eta eraldaketak landuko dituzte hiru ikuspegitatik. Aitatasunez ariko da Asier Arizkorreta, espazioen diseinuaz Ula Iruretagoiena, eta politika instituzionalez Oihana Etxebarrieta.

Oskar Tejedorren ‘En tránsito’ dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia ere egingo dute Bidez-Bidekoekin.

Emaginek mintegien aurkezpenean nabarmendu duenez, komunitate indartsuak eratu nahi dituzte, elkarren babesa sentituko dugun ingurua. «Ez ditugu kriantzak, familiak, afektibotasunak, gurasotasunak eta zaintzak indarkeriaz josita dauden egituretara mugatu nahi, ez dugu bizitzaren bizigarritasuna familia nuklear heterosexuala ardatz duen antolaketara itxi nahi. Ezin dugu mugatu odoleko senidetasun harremanetara».

Komunitate afektibo eta politiko berriak sortu nahi dituzte, ahaidetasun feministak indartzen jarraitu.