Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Haserrea piztu du Sara eta Zugarramurdin Arxuriko parapente proiektuak

Haserre dira Sara eta Zugarramurdiko biztanleak. Parapentea bultzatzeko Arxuriko lepoan egin nahi den egitasmoa ingurugiroaren kontrakoa dela salatzen dute. Baztango Udalean, berriz, soilik EH Bilduk egin du proiektuaren kontra, beste talde guztien sostenguarekin aurrera doalarik.

Sara eta Zugarramurdiko biztanleek Arxurian egin nahi den egitasmoa salatzeko egin duten agerraldia.
Sara eta Zugarramurdiko biztanleek Arxurian egin nahi den egitasmoa salatzeko egin duten agerraldia. (Oihana DAGUERRE | KAZETA.EUS )

Arxuriako lepoan, Sara eta Zugarramurdi ondoan baina Baztango lurretan, parapentea bultzatzeko proiektu pribatuak haserrea piztu du lehen bi herrietako biztanleen artean.

Irungo enpresa pribatu batek bultzaturiko egitasmoa da eta Sara eta Zugarramurdin izango duen eragina salatzeko agerraldia egin dute. «Amorruz eta zainetan bizi dugu azken aste hau. Legalki gaur Baztan eremuaren jabea bada ere, geografikoki eta sentimentalki gure egiten dugu, baztandar gehienek ez dakite ezta non dagoen ere», nabarmendu dute.

Mattin Oronoz saratarrak adierazi duenez Arxuria herritar ugarik erabiltzen dute laborantza, kirol edo ibilbideetarako. «Mendi hori horrela utzi nahi dugu», esan du.

Parapentearen praktika errezteko Arxuriaraino bide bat zabaldu nahi du proiektuaren bultzatzaileak. Inguru hori «Disneyland Paris» bilakatu nahi dutela ohartarazi dute gaur Zugarramurdi eta Sarako biztanleek.

Honekin batera, diru publikoa interes pribatuendako erabiltzea salatu dute. Esan dutenez, Geroa Baik aurkezturiko zuzenketa bati esker 45.000 euroko diru-laguntza onartu zuen Nafarroako Gobernuak egitasmo honetarako.

Nafarroako parapente elkartea, berriz, Sara eta Zugarramurdiko biztanleekin da. «Arxurian hegan egin nahi dugun parapentalariek mendia eta bere ingurua dauden bezala maitatu eta zaindu nahi ditugu», adierazi dute. Egitasmo hau parapentearen jardueraren logikaren kontra doa. «Inguruko jendeak oinez heldu dira gora, plazera hartzeko. Proiektu hau kanpotarrentzako da», esan dute.

Proiektuak naturan eta laborantzan eraginak izango dituela azpimarratu du Sarako alkate Battit Labordek. «Bitxia da ikustea ahal bezainbait egiten dugula laborantza eta abeltzaintza atxikitzeko, eta aisialdia leheneste duen proiektu bati leku egiten diogula. Zaila da ulertzen», esan du, proiektua gauzatzeko Sarako biztanleak kontuan ez dituztela izan gaineratuz.

Zatiketa Baztanen

Baztango Alkatetza duen EH Bildu ere proiektuaren kontra dago. Udalbatzarrean egitasmoa albo batera uzteko eskatzen zuen mozioa eraman zuen talde honek (sei zinegotzi), baina beste guztiak (Zurekin Baztan, Baztango Independenteak, UPN eta Geroa Bai, orotara zazpi zinegotzi) proiektuaren alde azaldu ziren eta EH Bilduren proposamena bertan behera utzi zuten.

Fernando Anbustegi alkateak Baztanen ingurugiroaren kontrako proiektuak izanda (Aroztegia edo Erdiz, kasu) inguruko herrietan kalteak eragingo dituzten proiektuen alde egitea kontraesana dela nabarmendu zuen bozketaren ondoren.

«Baztanen gure iritzien eta erabakitzeko eskubidearen gainetik kanpotik ezarritako asmoak salatu izan ditugu. Orain, berriz, hori egiten ari gara. Memoria eskasa daukagu», esan dio Anbustegik NAIZi.

«Baztango EH Bilduk segituko du herria eta herritarren interesa enpresa pribatuen interesen gainetik lehenesten», nabarmendu zuen alderdi honek ohar batean.

Aste honetan bertan Baztango bailarako Junta Orokorrean izandako bileran Zugarramurdiko hautetsiak izan ziren baztandarrei egitasmoa gibeleratzeko eskatzeko.

Zugarramurdikoen argudioak entzun eta gero Baztango Independenteak taldeko kideek gaia sakonago aztertuko zutela erantzun zuten.