NAIZ

Jai Alai League txapelketaren lehen edizioa Final Four batekin bukatuko da, Durangon

Finalerdiak urriaren 9an jokatuko dira eta urteko rankingaren arabera Goikoetxea-Lopez/Laduche-Basquek eta Erkiaga-Gorka Sorozabal/Johan-Minviellek jokatuko dituzte. Urriaren 16an ezagutuko ditugu Ipar eta Hego Euskal Herriko torneorik onenak batu dituen txapelketaren lehen txapeldunak.

Final Fourraren aurkezpena partidak jasoko dituen Ezkurdi pilotalekuan izan da.
Final Fourraren aurkezpena partidak jasoko dituen Ezkurdi pilotalekuan izan da. (ERAMAN JAI ALAI)

Ipar eta Hego Euskal Herriko zesta txapelketa garrantzitsuenak jasotzen dituen Jai Alai League-a heldu da bere azken txanpara eta Durangoko Ezkurdi pilotalekuan ezagutuko ditugu lehen edizio honetako txapeldunak. Eszenatoki dotorea, dagoeneko errealitate bihurtu den proiektu batentzat. Bigarren edizioan, data, txapelketa eta egoitza berriak izango ditu Jai Alai Leaguek.

Horren aurretik, ordea, aurtengo txapeldunak ezagutu behar ditugu. Guztira 24 pilotarik hartu dute parte ligan, baina hauetako zortzi sartu dira txapel handiaren lehian. Bi gipuzkoar, Imanol Lopez eta Iñaki Osa Goikoetxea; bizkaitar bat, Aritz Erkiaga; lau lapurtar, Johan Sorozabal, Gorka Sorozabal, Ludovic Laduche eta Thibault Basque; eta bearnotar bat, David Minvielle. Ranking ofizialean puntuazio altuena lortu duten lau aurrelari eta lau atzelariak.

Final Four-eko finalerdietan, aurrelari eta atzelari onenak (Goikoetxea-López), postu bakoitzeko laugarrenen aurka neurtuko dira (Laduche-Basque). Bigarren sailkatuek berriz (Erkiaga-Gorka), hirugarrenen kontra jokatuko dute (Johan-Minvielle). Ezkurdiko jaialdiak 19.30ean hasiko dira eta ETB1 eta Estatu frantseseko Canal Plus Sport kanalen bidez ikusi ahal izango dira.

Imanol López, pilotaririk onena

Lehen ekitaldi honetako emaitzak kontutan hartuta,  Imanol Lopez atzelari zumaiarra izan da ligako pilotaririk onena; bai puntuazioari dagokionez (10.860 pt) eta bai irabazitako txapelengatik ere: Beaskoetxea lagun hartuta, Eusko Label Winter Series-a irabazi du eta Goikoetxearekin Biarritzeko Urrezko Xistera eta Paueko Kopa.

Donibane Lohizuneko Nazioartekoetan, Erkiaga eta Gorka Sorozabal izan dira garaile.
Azken hau, Gorka Sorozabal, denboraldi onetako berritasun handienetako izan da. Campos Berrin lortutako garaipenaz gain, azpitxapeldun izan da Biarritzen –ahaztezina Johan anaiarekin jokatutako finala, desenpateko setean 5-4 galdu zuten Goiko eta Lopezen aurka–. Paueko Kopan Johan eta Minvielle izan dira azpitxapeldun eta Gernikako Winter Seriesean Barandika eta Lekerika. Azken hauek Final Four-etik kanpo geratu dira, lehena lesioagatik eta bigarrena, puntuazioagatik.