NAIZ

Turistifikazioak dakartzan kalteak pintxo bihurtu ditu salaketa ekimen batek Parte Zaharrean

Donostiako Parte Zaharrean turismoari zuzendutako ostalaritza eta merkataritza «bizilagunak kaltetuz eta euskara baztertzen dena irensten» ari dela salatzeko, ekimen ironiko bat jarri dute martxan zenbait eragilek, #WelcomeToPintxoland.

Turistifikazioaren ondorioak salatu dituzte #WelcomeToPintxoland ekimenarekin.
Turistifikazioaren ondorioak salatu dituzte #WelcomeToPintxoland ekimenarekin. (BIZILAGUNEKIN PLATAFORMA)

#WelcomeToPintxoland ekimenaren bitartez Donostiako Parte Zaharrak jasaten duen turistifikazioaren ondorioak salatu dituzte hainbat eragilek. «Kanpotarrei begirako negozioetan euskara baztertzen» dutela deitoratzeko, pintxo taberna baten publizitate eskuorri ironikoak egin dituzte, euskarazko izenetan «kaleak okupatuta», «lan baldiltza kaxkarrak», «adinekoentzat oztopoak» eta «zarata eta zaborra» bezalakoak jarrita.

Etxean Arrotz «jatetxearen» eskuorria.

Bizilagunekin plataformak, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak, Parte Zaharreko Euskara Batzordeak, Alde Zaharreko Gazte Asanbladak eta Alde Zaharreko Ernaik babestutako ekintza honen baitan, pankartak jarri dituzte eta «bertako bizilagunen zein euskaldunen aurkako erasoak» salatzen dituzten 5.000 eskuorri banatu dituzte.

Ohar batean azaldu dutenez, Donostiako saltokiak eta ostalaritza establezimenduak «gero eta bideratuago daude kanpoko bisitariei» eta gero eta gehiago hazten ari dela ohartarazi dute, auzotarren beharrak asetzera bideratutako taberna eta jatetxeak ordezkatuz.

Horren eraginez, hiriko «hizkuntza paisaian» aldaketak egon direla diote. «Kartetan, karteletan eta publizitatean gaztelera, frantsesa eta ingelesa dira hizkuntza nagusiak, eta euskarak gero eta presentzia gutxiago du. Euskaldunak ez dira taberna eta jatetxe horien lehentasunezko bezeroak», ohartarazi dute. Euskara «parke tematiko baten dekoratu gisa» erabiltzen dutela ere uste dute.

«Ez dugu ahazten pandemian, atzerriko bisitariak desagertu zirenean, bertako herritarrei tabernetara bueltatzeko ostalarien patronaletik egindako deia. Orduan bai, negoziorako baldintzak aldatzeko eta bertakotasunak aldarrikatzeko beharra sentitu zuten», gaineratu dute.

Hala ere, «tokikotasunean eta gertukotasunean oinarrituta, euskaraz eta euskaldunekiko errespetuz, ostalaritza eredu basatiari erresistentzian eusten dioten taberna eta jatetxeetako arduradun eta langileen» lana azpimarratu dute, «turistifikazioa geldiarazi eta bestelako hiri eta auzo ereduaren aldeko borrokan ondoan sentitzen ditugu» eta. Donostian «desazkunde turistikorantz norabidea» hartzera dei egin dute.