Fernando Buesaren familiaren panteoia, Gasteizko Santa Isabel hilerrian kokatuta, pintura eta gorotzekin zikindu dute ostiral honetan, ostegunean Arabako hiriburuan Buesa eta bere eskolta zen Jorge Diezen omenez altxatutako monolitoaren aurka egindako sabotajearen ondoren.
Sara Buesak bere aitaren «hilobiaren aurkako eraso berriak barru-barruan» jo duela adierazi du, baina «gorrotoaren eta basakeriaren aurrean maitasun eta erruki haziak lantzen» jarraituko duela ziurtatu du.
Osteguneko erasoak hainbat agintari politikoren gaitzespena ere eragin zuen, hala nola Maider Etxeberria Gasteizko alkatearena, Beatriz Artolazabal alkateordearena, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiarena, Denis Itxaso espainiar Gobernuak EAEn duen ordezkariarena, Eneko Andueza PSEko idazkari nagusiarena, Rocio Vitero EH Bilduren bozeramailearena eta Ainhoa Domaica PPk Udalean duen ordezkariarena.
Desde EH Bildu expresamos nuestro más rotundo rechazo al ataque al monolito en recuerdo de Fernando Buesa y Jorge Díez. Estas actitudes están totalmente fuera de lugar, solo profundizan en el sufrimiento y dificultan la construcción de la convivencia democrática en nuestro país. https://t.co/QUnmoQKuQI
— Rocio Vitero (@RocioVitero) October 5, 2023
Ostiral honetan, era berean, hilobia agertu da margoketekin zikinduta. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak «erabateko gaitzespena» agertu du. «Gertakari horien izaera eta jatorria ezezaguna da, eta benetako probokazioa dira gure herriko bizikidetza demokratikorako», adierazi du Otegik sare sozialen bitartez, Urriaren 18ko adierazpena gogora ekarriz.
Biktima guztiak eta haien memoria errespetatzea oinarrizko baldintza da bizikidetza eraikitzeko.
— Arnaldo Otegi (@ArnaldoOtegi) October 6, 2023
El respeto a todas las víctimas y a su memoria es una condición básica para la construcción de la convivencia. pic.twitter.com/gTlzNK9D9r
Era berean, Iñigo Urkullu lehendakariak «erabat» gaitzetsi ditu monolitoaren eta hilobiaren aurkako erasoak, eta «berriz ere indarkeria politikoa aldarrikatzeko dinamikan dauden zenbait taldetako mugimenduak» salatu ditu.
Etxerat eta Sare
Etxerat eta Sare elkarteak ere batu dira gaitzespen mezuetara. «Publikoki adierazi nahi dugu Fernando Buesaren eta Jorge Diezen memoriaren aurkako erasoak erabat gaitzesten ditugula. Gure konpromisoa, biktima guztien errekonozimenduaren eta bizikidetza demokratikoaren alde da», nabarmendu du euskal preso politikoen senideen elkarteak.
Sarek, aldiz, nabarmendu du «gure herriak bizikidetzarako duen eskubidea indarkeria guztien eta biktima guztien errespetuan oinarritu» behar duela.