Jon Ormazabal
Elkarrizketa
Iñaki Artola
Baikoko aurrelaria

«Ez dut presio berezirik; galduz gero, orain arteko partida berak jokatuko ditut»

Inork baino hobeto daki Lau eta Erdiko Txapelketa hau bere burua aldarrikatzeko aukera bikaina izan daitekeela, are gehiago, kontratua abenduan amaituta, baina alegiarrak bere burua behar baino gehiago ez estutzeko asmoa transmititzen du.

Iñaki Artola
Iñaki Artola (Endika PORTILLO/FOKU)

Gaur gauean ekingo zaio Agoitzen, modalitate honetako txapeldun handi Patxi Eugiren herrian, aurtengo Lau eta Erdiko txapelketari, Iñaki Artola eta Asier Agirreren arteko lehiarekin. Euren burua berriz ere onenen artean sartzeko aukera bikaina da bientzat ere gaurkoa, final laurdenetako ligaxkan aritzeak punta-puntako gutxienez beste hiru partida ere ziurtatuko dizkiolako galbahe hau pasatzea lortzen duenari, eta bata zein bestea halako estimuluen faltan dabiltza aspaldian. Dena dela, futboleko esaldi ezagun hura frontoietara ekarrita, alegiarrak ondo barneratua du «pilota dela, garrantzi gutxien duten gauza horien artean, garrantzi handiena duena» eta ez du bere burua behar baino gehiago estutu nahi, nahiz eta kaiolako azken bi txapelketetan final-laurdenetako ligaxkatik kanpo geratu, Elezkano II.aren eta Elordiren aurka galduta.

Nola helduko zara Lau eta Erdiko txapelketa honetara?

Ondo esango nuke. Inoiz ez dakizu puntu-puntuan helduko zaren edo ez zaren, guztiz  entrenatu zaren edo ez zaren... horiek izaten dira kirolarion kezka motak. Ibilbide luzea daukat eta gertatu zait lesio batetik etortzea, prestatzeko nahi beste denborarik gabe, prestatu ezin, eskuetako arazoekin... eta orain halakorik ez dago, uda on bat egitetik nator, konfiantzarekin, partida dezente jokatzetik, eta hori oinarri dezentekoa da.

Partida dezente aipatu dituzu, baina lehen mailakorik agian ez nahi beste. Ez dakit hori handikap handia den halako mailako txapelketa bati ekiteko.

Bueno, ez dakit, partida onak eta gogorrak jokatu ditut, sanmateoetan bertan maila oneko hiru partida jokatuta nator; azkenean entrenamendurik onenak horiek dira. Gero, beti lehen-lehen mailan jokatzea plus bat izan daiteke, agian bai, baina ez da aitzakia nire aldetik.

Denbora asko daramazu txapelketa prestatzen?

Hilabete inguru izango da prestatzen hasi nintzela, baina udako binakako partidekin uztartu behar izaten da. Urtero berdin izaten da eta aurten, esan bezala, sanmateoetan hiru partida jokatu nituen eta horrek ere planak pixka bat mozten dizkizu, baina fisikoki eta denbora izan dut eta baita hiru entrenamendu egiteko ere; horietako bat, gainera, Asier Agirre berarekin egin nuen Bilbon.

Duzun egoera honetan, presio berezik nabaritzen duzu Asier Agirreren aurkako lehen kanporaketa honetarako?

Bueno, hori betiko kontua da. Ezetz esango nuke, zuk esan duzun bezala, udan jokatu ditudan partida motengatik eta etorrita, galduz gero, antzeko partidak jokatzen jarraituko dut eta, irabaziz gero, berriz, akaso sariren bat izango dugu. Presioa, gainera, oso gauza pertsonala da; txapeldunak sentitu dezake presioa txapeldun izaten jarraitu nahi duelako; hasiberriak, erakutsi nahi duelako; aspaldi irabazi ez dugunok, irabazi behar dugulako... azkenean oso erlatiboa da presioarena.

Galduta ere antzeko partidak jokatzen jarraituko duzula esan duzu, baina abenduan amaitzen zaizu kontratua; alde horretatik, beldurrik ez?

Bai, egia esan, hori badaukat nik; alde horretatik aukera bat bada justu kontratua berritu aurretik txapelketa izatea, txapelketa garrantzitsuak izaten dira, baina horrela hasiz gero beti dago zerbait, ezta? Gainera, kontratuak urtebete edo bi urtekoak izaten dira, hor ibiltzen gara antzera eta alde horretatik beti gaude zama horrekin.

«Kontratuak urtebete edo bi urtekoak izaten dira, hor ibiltzen gara antzera eta alde horretatik beti gaude zama horrekin»

Gehiegi estutzea ere kalterako izan ohi da; gainera, zuk horretaz badakizu zerbait...

Bai, horretaz badakit pixka bat. Ez da berdina aurreneko urtean nola hartzen duzun eta hau agian da nire seigarren txapelketa; jakin ere ez dakit zenbatgarrena den, eta desberdin hartzen duzu, badakizu buruari buelta gehiegi ematea alferrik dela. Egun guztiak desberdinak dira, ea ze egun irteten zaigun Agoitzen Asier Agirreren aurka. Ondo prestatu bai, nik horri garrantzia ematen diot, nik uste denok ematen diogula garrantzia horri. Etxeko lanak ondo eginda joatea oso garrantzitsua da, bakoitza bere buruarekin lasai egoteko eta kantxara konfiantza puntu horrekin irteteko, baina gutxi gehiago.

Lehen partida hori irabazi eta ligaxkan sartzea izango da lehen helburu nagusia, ala?

Bai, lehen helburua hori, eta, gainera, bigarren partida Altunaren aurka litzateke Amezketan. Hori, egia esan, ligaxkan sartzetik aparte, ederra litzateke partida hori jokatzea, eta ilusioa egingo lidake, baina horretarako lehendabizikoa irabazi behar da, eta helburu horrekin, bai.

«Lehen helburua lehen kanporaketa hau pasatzea litzateke eta, ligaxkan sartzetik aparte, bigarren partida Altunaren aurka Amezketan jokatzea ederra litzateke oso»

Asier Agirreri orain arte buruz buru jokatutako hiru kanporaketetan irabazi diozu; bi aldiz lau eta erdikoan eta beste bat kantxa osoan.
Bai, baina oso partida gogorrak izan dira normalean, 22-19 eta 22-18 ere bai oso oker ez banago. Bizkaia pilotalekuan 2021eko Buruz Burukoan jokatu genuen partida ­–final-zortzirenetako kanporaketa, urte hartan finalean sartu zen alegiarra, nahiz eta jokatzerik ez zuen izan eta Arrotxapekoa izan zen estuen hartu zuen pilotaria­– nire ibilbideko gogorrenetako bat izango zen. Altuera hauetan perfektu jokatzen duzu edo partidak luzatu egiten dira. Asier pilotari teknikoa da, apenas oparirik egiten duenetakoa eta, irabazi nahi badut, nire mailarik onenetik gertu ibili beharko dut.