Nazio Batuen Erakundeak (NBE) jakitera eman duenez ia 190.000 pertsona dira dagoeneko beren etxeetatik alde egin behar izan dutenak Gazan, larunbatean Israelek palestinar milizien erasoen ondotik gerra egoera deklaratu eta bonbardaketak hasi zituenetik. Israelek Gaza erabat blokeatzeko erabakia hartu du astelehen honetan, Defentsa Ministroaren arabera «animalien aurka» borrokan ari baitira, eta horrek jende gehiago alde egitera behartuko duela adierazi du NBEk.
Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoaren arabera, azken 24 orduetako datuak kontuan hartuta zehazki 187.518 palestinar desplazatu daude.
NBEren bulegoak zabaldu duenez, haietatik 137.000 baino gehiago Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziaren (UNRWA) eskoletan daude; bertan baldintzak oso kaxkarrak dira eta edateko ura oso mugatua, erakundeko ordezkariek ohartarazi dutenez.
«Zenbait kasutan, eraikin batzuei eraso egin diete bizilagunei alde egiteko abisurik eman gabe», azaldu du. Halaber, jakitera eman du Gazan lau etxebizitza dorre suntsitu eta sei osasun langile hil dituztela Israelen erasoek.
Gainera, gerra honek eztanda egin aurretik Israelek egindako beste eraso batzuen ondorioz beste 3.000 palestinarrek Gazatik alde egin behar izan zuten.
«Ahal diren ahalegin guztiak egiten ari dira desplazatuei oinarrizko zerbitzuak emateko, baina baldintzak zailak dira, zenbait babesleku gainezka daude eta edateko uraren erabilgarritasuna mugatua dago», esan du UNRWAk, eta azpimarratu du eskola guztiak –83– ez direla babeslekuak eta ez daudela prest desplazatuak hartzeko.
Israelen bonbardaketen ondorioz UNRWAren 18 instalazio kaltetu dira.
Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoak nabarmendu du «Israelgo agintariek mugimenduak mugatzeko neurri ugari ezartzen» jarraitu dutela, «Zisjordaniako hainbat kontrol postu eta herri eta hirietako sarbideak ixtea barne». Tartean, Jerusalen ekialdean dagoen Shufat errefuxiatuen eremua itxita daukate.
Erabateko blokeoa
Horrez gain, Gaza erabat blokeatzeko erabakiaren berri eman du astelehen honetan Israelgo Defentsa Ministroa den Yoav Gallantek: «Animalien kontra ari gara borrokan». Horrela, lurraldeak ez du elektrizitate, erregai eta janari hornidurarik izango. 2007tik dauka blokeatuta Israelek Gaza eta zentral elektriko bakarra daukate ospitaleak, etxebizitzak eta babeslekuak hornitzeko, funtzionatzeko erregaia behar duena.