Manex Altuna

Athleticek iaz bezala abiatu du denboraldia eta ilusioa berpizteko ateak zabaldu ditu

Talde zuri-gorriak 17 puntu pilatu ditu lehen bederatzi jardunaldietan joan den denboraldiaren hasieran moduan. Aurten gol bat gutxiago egin du eta hiru gehiago jaso, baina postu bat gorago kokatu da Ligako sailkapenean.

Athleticek aldaketak egin behar izan ditu hamaikakoetan.
Athleticek aldaketak egin behar izan ditu hamaikakoetan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Athleticek ondo hasi du denboraldia berriro Ernesto Valverderekin. Ligako bigarren etenaldia iritsi da eta, teknikariak Almeriaren aurkako partidaren aurretik aipatu zuen bezala, Lezaman lasai lan egiteko aukera izango dute zuri-gorriek. Iaz bezala, 17 puntu lortu dituzte zuri-gorriek lehen bederatzi jardunaldietan. Bost garaipen, bi berdinketa eta bi porrot. Emaitza berdinak dira, nahiz eta ñabardurak egin daitezkeen.

Hasteko, Athleticek sei partida jokatu zituen San Mamesen liga hasieran. Valentzia (1-0), Rayo (3-2) eta Almeria (4-0) gainditu zituen etxean. Espanyol (0-1) eta Atleticoren (0-1) aurka galdu zuen eta Mallorcaren kontra (0-0) berdindu lehen jardunaldian. Etxetik kanpo Cadiz (0-4) eta Elxeren zelaian (1-4) irabazi zuen eta puntu bat eskuratu zuen Sevillari egindako bisitan.

Talde zuri-gorriak 17 gol egin zituen eta 6 bakarrik jaso. Aurten, berriz, gol bat gutxiago sartu du eta hiru gehiago egin dizkiote. Golen balantze orokorra pixkat okerragoa izan arren, Athletic bosgarren tokian kokatuta dago Ligako sailkapen nagusian eta iaz seigarren postuan zegoen.

Aurten orekatuagoak izan dira bilbotarrek ateratako emaitzak San Mamesen eta etxetik kanpo. Real Madrilen (0-2) eta Realaren (3-0) kontra galdu dute eta Mallorcaren etxean (0-0) eta Getaferen (2-2) kontra San Mamesen berdindu. Aldi berean, garaipena eskuratu zuten Osasuna (0-2) eta Alavesen (0-2) kontrako euskal derbietan eta Katedralean Betis (4-2), Cadiz (3-0) eta Almeria (3-0) gainditu dituzte.

Jokalariek herri harmailarekin ospatu zuten Almeriaren aurkako garaipena. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Jokalariek herri harmailarekin ospatu zuten Almeriaren aurkako garaipena. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Orokorrean, itxura ona eman du Athleticek eta ilusioa berpizteko bermeak erakutsi ditu. Hala ere, oraindik zalantzak guztiz uxatu gabe dago. Batez ere, defentsa lanetan maila mantentzeko gai izango diren eta, partidak pilatzen hasten direnean, hamaikakoetan beti sartzen diren jokalariek zein aulkitik ateratzen direnek nola erantzuten duten. Erasoko jokoan taldearen ikur nagusiak diren Sancetek eta Nico Williamsek erregulartasun handiagoa erakutsi beharra daukate.

Iaz denboraldi amaiera eskasa egin zuten zuri-gorriek eta Europarako sailkapenak ihes egin zien eskura zeukatenean. Taldea agortuta iritsi zen azken txanpara eta Kopako finaletik kanpo geratzeak ere min egin zuen. Valverdek bide-orri berbera erabili du ikasturte berriaren hasieran eta, lesioengatik kenduta, aldaketa gutxi egin ditu hamaikakoetan. Entrenatzaileak konfiantza osoa dauka jokalari batzuengan eta gainontzekoek minutu gutxi izaten dituzte. Horregatik, asko igartzen dira ohikoak izaten diren jokalarien hutsuneak.

Unai Simonek partida guztietan parte hartu du eta ohiko defentsa De Marcos, Vivian, Paredes eta Yurik osatu dute. Yeray lesionaturik egon da, baina hamaikakoan tokia izan du berreskuratu denean. Almeriaren kontra giharretako lesio berri bat izan zuen eta, Athleticek gaur arratsaldean zehaztu duenez, lesio moderatu-larria dauka eskuin hankan. Imanolek eta Lekuek minutuak izan dituzte hegaletan.

Zelai erdian Iñigo Ruiz de Galarreta eta Vesga ezinbestekoak bilakatu dira. Min hartuta egon direnean Dani Garciak eta Herrerak bete dituzte hutsuneak. Unai Gomezek eta Pradosek minutuak izan dituzte. Sancet, Williams anaiak hegaletan eta Guruzeta hamaikakoetan egonkortuta daude. Aurrelari donostiarrak lau gol egin ditu, maila bikainean ari den Iñaki Williamsek bezala. Muniain, Villalibre, Raul Garcia eta Berenguer ordezko aulkitik atera dira gehienetan eta gutxi erakusteko aukera izan dute. Julen Agirrezabala atezainak eta Malcom Adu Aresek, berriz, ez dute ezer jokatu.

Bilbao Athletic eta soropila

Carlos Gurpegik zuzentzen duen bigarren taldea bolada onean dago Bigarren RFEF mailan. Lau garaipen jarraian eskuratu ditu eta sailkapeneko lehen postuan kokatu da Alavesen bigarren taldeari azken jardunaldian irabazi ondoren (0-2). Mattheusek eta Izetak egin zituzten golak bigarren zatian.

Bestalde, soropila aldatuko dute San Mamesen. Berdegunea egoera txarrean zegoen beroaren eraginez. Urriaren 29an, igandea, Valentziaren aurka jokatuko den norgehiagokarako prest egongo dela ziurtatu du klubak.

Asteburuan ez dago partidarik eta Thinking Footbal jaialdia antolatu du Athleticek. Iluntzean abiatuko da futbolari buruzko festibala Sampdoria taldearen inguruko film batekin. Marco Lanna, jokalari ohia eta egungo presidentea dena, etortzekoa da Bilbora. Kamerungo selekzioaren atezain izandako Thomas N'Kono, Liam Brady irlandarra eta Belodedici errumaniarra ere izango dira datozen egunetan.