Portugalek ezusteko garaipen batekin agur esan dio Munduko Errugbi Kopari. Multzoen faseko azken partidan final laurdenetako kanporaketak jokatu dituen Fiji gainditu dute (24-23). Atsedenaldira berdinduta joan ziren bi taldeak eta zigor kolpe bat bakarrik gauzatu zuten bakoitzak (3-3). Bigarren zatian Fijik nagusitu behar zuela zirudien, baina azken txanpan partidari buelta eman eta irabaztea lortu zuten europarrek.
Maila bikaina eta ausardia erakutsi dute portugaldarrek norgehiagoka guztietan. Georgiaren aurka ere berdinketa bat erdietsi zuten (18-18). Irabazteko zorian izan ziren, baina huts egin zuten azken jaurtiketarekin.
Emaitza horien atzean Ipar Euskal Herriko errugbian ospe handia duen Patrice Lagisqueten izena agertzen da. Arcachonen jaioa izan arren, bere kirol ibilbidearen gehiengoa Lapurdin egin du.
Baionako Avironen jokalaria izan zen 80. hamarkadan eta Biarritzen jokatu ondoren, entrenatzaile kargua hartu zuen 1997an. Hamarkada batez zuzendu zuen talde zuri-gorria eta hiru liga eta kopa bat irabazi zituen, Europako txapelketako finalista izatearekin batera. Biarritzen kirol arduradun nagusi gisa jardun zuen eta Frantziako selekzioarekin ere aritu zen, baina goi mailako lehiaketetatik urrundu eta 2019an Portugalen hautatzailea bilakatu zen.
Eta dirudienez, Munduko Txapelketaren ostean ez du teknikari bezala jarraituko. Portugalen azken partidaren aurretik ‘Ouest France’ agerkarian egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, Euskal Herrira itzultzea da bere asmoa. 61 urte ditu, aseguru etxe batean lan egiten jarraitzen du eta erretiroa hartzea pentsatzen ari da. Lagisquetek kontatzen duen bezala, bera jarri zen Portugaleko federazioarekin harremanetan selekzioa zuzentzeko, errugbia «pasio» moduan sentitzen du eta gustatzen zaizkion proiektuak aukeratu ditzakeela dio.
Portugalen balentriaren xarmak ezin du ezkutatu errugbiaren munduan abiadura ezberdinean doazen taldeak daudela. Hainbat selekziotan oraindik guztiz profesionalak ez diren jokalariak daude eta sekulako ezberdintasunak agerian geratu dira. Goi mailako taldeak oso erraz gailentzen dira eta multzoen faseko partida asko emoziorik gabekoak izan dira. 2027an Australian ospatuko den txapelketan talde gehiago sartzeko asmoa dago, baina arduradunek hausnartu beharra daukate ikuskizuna hobetu nahi badute, behintzat.
Indar erakustaldiak
Orain dela hilabete abiatu zen txapelketa eta, azkenean, iritsi da hil ala biziko partiden garaia. Irlandak eta Franziak kanporaketa kutsua zeukaten norgehiagokak jokatu zituzten azken jardunaldian eta nagusitasun osoz garaile atera ziren. Txapelketa irabazteko faborito nagusiak direla esan daiteke. Multzoko lehen postua beregatu dute eta Zelanda Berria eta Hegoafrikaren aurka jokatuko dute final laurdenetan.
Irlandak oso indartsu dagoela erakutsi zuen Eskoziaren kontra (36-14). Lehen minutua bete orduko James Lowek entsegua egin zuen. Atsedenaldirako bonus puntua erdietsi zuten eta eskoziarren ilusio guztiak desagerrarazi zituzten. Irlandak partida guztiak irabazi ditu, lehen postuan dago munduko sailkapenean eta maila bikaina ematen ari da txapelketa osoan zehar. Larunbat gauean -21.00etatik aurrera- Zeelanda Berria gaindituz gero, Gales eta Argentinaren arteko kanporaketatik garaile ateratzen den taldea izango dute aurkari finalerdietan.
Frantziak ere jipoi gogorra eman zion Italiari (60-7). Lucu eta Ollivon lapurtarrek hasieratik jokatu zuten eta igandean Hegoafrikaren kontra jokatzeko Dupont itzuliko da. Maskara batekin arituko da matrail hezurra apurtu ostean.
Beste bi kanporaketetan, Ingalaterrak Fijiren aurka jokatuko du igandean -17.00etatik aurrera-. Samoa gainditzeko arazoak izan zituzten ingelesek azken jardunaldian (18-17). Aldi berean, Galesek Argentinaren kontra neurtuko ditu indarrak larunbatean. Argentinarrek Japonia kaleratu zuten garaipena lortuta (27-39).
Bestalde, Ohorezko Mailan Ordiziak lehen garaipena eskuratu zuen Alcobendasen zelaian. Matias Jabase argentinarrak azken jokaldian gauzatutako zigor kolpe batekin irabazi zuten (29-30). Lehen jardunaldian Belenosen kontra modu berean galdu ondoren, poz bikoitza sortzen duen puntuekin alai itzuli ziren gipuzkoarrak.
Una patada para ganar el partido.
— División de Honor de Rugby (@DHFerugby) October 8, 2023
홈홖황홞́홖홨 홅홖홗홖홨홚
Primera victoria para @ORDIZIARUGBY. #DHRugby pic.twitter.com/YjzeSemjwv