NAIZ

Eroskik 69,9 milioi euro irabazi ditu 2023ko lehen erdian, iaz baino %1,81 gehiago

Eroskik 69,9 milioi irabazi ditu aurtengo ekitaldiko lehen erdian, gaur jakitera eman duenez. Izan dituzten diru sarreren %2,77 dira eta iazko epe berberean izandako irabaziak baino %1,81 gehiago da.

Eroskiren produktuak supermerkatu batean.
Eroskiren produktuak supermerkatu batean. (NAIZ)

Eroski Taldeak 2023ko uztailaren 31n egin ditu aurtengo ekitaldiko lehen seihilekoko kontuak eta 69,9 milioi euroko emaitza positiboa izan du. Irabazi horiek ohiko diru sarreren %2,77 dira, eta iazko epe berarekin alderatuta %1,81 hobeak.

«Prezioen politikan egindako ahaleginak eragindako fakturazioaren hazkundeari esker» lortu da emaitza, eta, batik bat, «martxan jarritako eraginkortasun planen ondorioz kostuak hobetu izanari esker», Eroski Taldetik jakinarazi dutenez.

Elikaduran inoiz baino inflazio handiagoa dagoela, taldeak 2.526,7 milioi euroko ohiko diru sarrerak izan ditu otsailetik uztailera bitartean, eta horrek esan nahi du bere jarduera bateratuaren sarrerak %9,21 handitu direla.

Eroski Taldeak «gogor» jardun du lanean sustapenean eta prezioei eusteko ahaleginean, eta, hala, jarraipena eman dio 2021ean hasitako lanari eta «ahalegin handiagoa» egin du. «Kontsumitzaileek erantzun ona eman diote egindako lanari, eta horri esker egin dugu aurrerapen hau», nabarmendu dute.

Ahalegin horri esker, handitu egin da Eroskik bere merkatu nagusietan duen parte-hartze kuota. Zehazki, merkatu guztietan hobetu du joera, eta horrek eta arlo guztietan eraginkortasun plan bat abiatu izanak bide eman dute 2023ko lehen seihilekoan irabazi operatibo korrontea handitzeko: 131,9 milioi euro. Gainera, lehen urte erdia amaituta, ebitda 166 milioi eurotik gorakoa izan da.

Hazkundea sendotu

Rosa Carabel Eroskiko zuzendari nagusiak adierazi duenez, «ekitaldi honetako lehen sei hilabeteetan lortu ditugun emaitzek agerian uzten dute gure negozio eredua sendoa eta lehiakorra dela. Lehen seihileko hau erronka handia izan da, aurre egin behar izan diogulako inflazioa balioen katean eragiten ari den presioari, eta egokitu egin behar izan dugulako kontsumitzaileen erosketa ohituretara. Hala ere, gure hazkundea sendotzen ari gara, handitu egin baititugu bai salmentak eta bai merkatuko kuota».

Halaber, nabarmendu du «gogor» aritu direla lanean «familien poltsikoei arnasa eman dieten sustapenak abiatzeko, eta halaxe egingo dugu datozen hilabeteetan ere». «Izan ere, duela egun batzuk prezioak jaisteko beste kanpaina bati ekin genion: erosketa saskiko 800 produkturen prezioa merkatu dugu, erosketa oso bat egiteko behar diren mota guztietako pruduktuena alegia», azaldu du.

Gainera, Eroskiko zuzendari nagusiak beste arrazoi bat ere aipatu du urte erdian negozioa ondo joan izana azaltzeko: «Prezioak igotzen ari diren honetan, hainbat arlotako gastuei bere horretan eustea lortu dugu, ezarritako eraginkortasun planei eta ekoizpenean egindako hobekuntzei esker».

Inbertsioak

Bestalde, Eroski Taldeak 36,7 milioi euro inbertitu ditu 2023ko lehen erdian. 53 denda berri, lau supermerkatu propio eta 49 frankizia saltoki irekitzeko erabili du diru hori, baita salmenta guneak berritzeko ere.

Gainera, finantza arloko konpromisoak betetzeko, taldeak zorraren 35 milioi euro amortizatu ditu ekitaldiko lehen sei hilabeteetan, eta beraz, seihilekoa amaituta, zor sindikatua 874 milioi eurokoa da.