NAIZ

Laduche-Basque bikoteak ezustekoa eman, eta Erkiaga-Solozabalen aurka jokatuko dute finala

Erkiaga-Solozabal eta Laduche-Basque bikoteek lortu dute txartela Jai Alai Leagueko finala jokatzeko. Pilotari lapurtarrek eman dute bart arratsaldeko ezustekoa, Goikoetxea-Lopez mendean hartuta bi setetan (13-15 eta 12-15). Hurrengo astelehenean lehen txapela nork eramango duen erabakiko da.

Laduche-Basque bikotea garaipena ospatzen, Goikoetxea-Lopez ondoan dituztela.
Laduche-Basque bikotea garaipena ospatzen, Goikoetxea-Lopez ondoan dituztela. (ERAMAN)

Erkiaga-Sorozabal eta Laduche-Basque bikoteak sailkatu dira hurrengo astelehenean Jai Alai Leagueko finala jokatzeko, Durangoko Ezkurdi pilotalekuan, 19.30ean. Pilotari lapurtarrek eman dute bart arratsaldeko ezustekoa, Goikoetxea-Lopez mendean hartuta bi setetan (13-15 eta 12-15).

Zumaiako puntistek azken aldiz jokatu zuten batera atzo, eta ezin izan zioten amaiera borobila eman bikote gisara. Haiek ziren faborito nagusiak lehen txapela janzteko, haiek izan direlako Jai Alai ligako aurrelari eta atzelari onenak. Goikoetxea eta Lopez ez ziren momentu batean ere eroso sentitu kantxan. Laduche eta Basque, aldiz, bai.

Goikoetxeak adierazi zuen partidaren atarian aurrelari lapurtarra «oso arriskutsua» izan zitekeela, eta tentuz begiratzeko aurkariak zirela. Bada, Laduchek ondo jokatu zuen, baina partidan distira egin zuena Basque izan zen. Atzelaria izan zen jokoan agindu zuena, pilotari abiadura bizia emanez.

Aurkariak ez dira momentu batean ere eroso sentitu kantxan, eta horren erantzule nagusia Basque izan da. Goikoetxeak ez du aurkitu bere lekua. Laduchek, berriz, bere jokatzeko moduari jarraikiz, joko alaia erakutsi du, aukera izan duenean errematatuta, eta behar izan duenean jokoan parte hartuta.

Erkiaga-Sorozabal, sufrituta, aurrera

Beste finalerdian ez zen ezustekorik izan, eta Erkiaga-Solozabal bikoteak lortu zuen txartela finalerako (15-11, 13-15, 5-3). Hori bai, nahi baino gehiago sufritu zuten. Johan eta Minvielle pilotariek ez baitzizkien gauzak erraz jarri.

Aurrelari bizkaitarrak ondo ekin zion neurketari, serio jokatuta, eta markagailuan aldea aterata. Aldiz, Johan aurrelariari kosta egin zitzaion partidan sartzea. Gorriak iritsi ziren aurretik lehen atsedenaldira (8-2), baina setaren amaieran, Johanek neurria hartu zion Erkiagari. Orduan, urdinak aldea murriztu zuten gorriekiko, 10-4tik 15-11ra pasata. Hala ere, azkenerako seta Erkiagak eta Solozabalek eraman zuten, baina urdinak konfiantza gehiagorekin amaitu zuten lehen seta.

Hain justu, konfiantza horrek eman zien garaipena bigarrenean. Johan aurrelariak min asko egin zuen errebesez jaurtita, eta errematean asmatuta. Bigarren seta 13-15 amaitu zuten eta berdinketa hautsi zuten bost tantoetara. Erkiagak eta Solozabalak hasiera ezin hobea egin zuten, 4-1 aurrea hartuta markagailuan. Tanto bat falta zitzaien finalera sartzeko, eta orduan zertxobait estutu zuten aurkariek, baina azkenerako gorriak gailendu ziren (5-3).