ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE, ETXALDE eta CGT sindikatuek azaroaren 30erako EHko mugimendu feministak iragarritako greba feminista orokorraren deialdia erregistratu dute Lakuan, atzo Nafarroan egin zuten moduan.
«Deitzaileak garen sindikatuok bat egiten dugu Euskal Herriko Mugimendu Feministak plazaratutako diagnostiko eta aldarrikapenekin». Greba Feminista orokorraren aldarrikapen nagusia «zaintza eskubide kolektiboa eraikitzea da, zaintzen egungo antolakuntza soziala eraldatuz eta Euskal Zaintza Sistema publiko-komunitario duina eraikiz».
Nabarmendu dutenez, azken hiru urteetan zehar Euskal Herriko mugimendu feministak «prozesu parte hartzaile emankorra» gauzatu du, beste hainbat eragile sozial eta sindikalekin batera. «Lanketa honen emaitza diagnostiko bateratu bat eta aldarrikapen amankomun batzuk izan dira. Eta aldarrikapen hauek egikaritzeko, greba feminista orokorra deitu dugu gaurkoan».
Greba honek lantokietan «inzidentzia» izateko helburua du, baita «zaintzaren erdiguneko ardura izango duen zerbitzu publiko indartsu batzuen alde borrokatzeko ere, eta aldi berean horietatik haratago doa. Pertsona guztiak gara interdependenteak, hau da, guztiok dugu bizitzan zehar zainduak izateko premia eta baita zaintzeko ardura, guztiok interpelatzen gaitu», adierazi dute.
Zaintzen «antolaketa sozial eta ekonomiko justuago baten aldeko borroka guztion ardura» dela azpimarratuz, jendarte osoa interpelatu nahi izan dute sindikatuek.