NAIZ

Elkarretaratzea deitu du LABek epaitegian deklaratzera deitutako delegatu baten alde

Elkarretaratzea deitu du LAB sindikatuak urriaren 17an Bilboko epaitegian, aniztasun funtzionaleko sektoreko langileen mobilizazio batean jazotako gertaerengatik deklaratzera deitu duten delegatu baten alde.

Aniztasun funtzionaleko sektoreko langileen mobilizazio bat, artxiboko irudian.
Aniztasun funtzionaleko sektoreko langileen mobilizazio bat, artxiboko irudian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Urriaren 17an Bilboko epaitegian deklaratzera deitu dute LABeko delegatu bat, aniztasun funtzionalaren sektoreak hitzarmenaren alde egindako mobilizazioen testuinguruan. Babesa adierazteko elkarretaratzea deitu du sindikatuak. 9.15ean hasiko da Buenos Aires kalean, ‘Borroka sindikala ez da delitua’ lelopean.

Pasa den maiatzaren 9an zaintzarekin lotuta dagoen sektore horren langileek hitzarmenaren alde egin zuten protestan jazotako gertaerengatik deklaratu beharko du LABeko kideak.

Egun hartan jazotakoa gogoratu du sindikatuak ohar batean. Oroitu duenez, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako buru zen Sergio Murillok eta elkarte zein alderdi politikok ekitaldi bat egin zuten Bilboko Itsas Museumean. «Horren aurrean, besteak beste, Gorabide, Aspace, Gaude eta Madres Mercedariaseko 500 langile mobilizatu ziren», zehaztu du.

Protestan «poliziaren presentzia nabaria» izan zela azaldu du LABek, eta mobilizazioa hasi aurretik elkarretaratzera bertaratzen ari zirenek mehatxuak jaso eta kide batzu identifikatuak izan zirela gogoratu du.

Bi zauritu eta hainbat identifikatu

«Tentsio puntu gorena Sergio Murillo eta Bizkaiko Foru Aldundiko kideak sartu zirenean» jazo zela ekarri du gogora sindikatuak, Ertzaintza langileen kontra bortizki oldartu zela azpimarratuz. LABeko bi kide zauritu eta lesioengatik ospitalera joan behar izan ziren, eta beste hainbat lagun identifikatuak izan ziren.

Gaude Elkarteko langilea da epaitegira deitutako LABeko delegatua, baina gertaera berdinengatik isunak jaso dituzte sindikatuko beste kide batzuek, tartean ospitalean bukatu zuen kidea, zehaztu dutenez.

«Argi dugu langileen kontrako zein borroka sindikalaren kontrako jazarpena nork agintzen duen eta nork exekutatzen duen. Hala, elkartasun osoa adierazi nahi die borrokan dauden eta jazarriak izaten ari direnei: anbulantzietako langileak, Mecaner eta Glavista, zaintza sistema publiko komunitario baten alde borrokan ari diren sektoreei, ostalaritzako langileei zein EHUkoei», adierazi du sindikatuak. Era berean, «animoak helarazi« dizkie sindikatuak borrokan jarraitzen duten Aspaceko kideei.

Azpimaratu du, bestalde, Marea Urdinak –izen horrekin ezagutzen da aniztasun funtzionalaren sektoreko langileen borroka– «hasi duen bideak etorkizunean borrokatzeko tresna izaten jarraituko» duela, azaroaren 30ean zaintza sistema publiko komunitarioaren alde deitutako greba orokorra gogoratuz.