NAIZ

Atzerrian hizkuntzak ikasteko aukera zabalduko die Lakuak Bigarren Hezkuntzako ikasleei

Alemanian, Estatu frantsesean, Irlandan eta Britainia Handian hizkuntzak ikasteko 532 egonaldi antolatuko ditu Lakuako Hezkuntza Sailak, DBHko 3. eta 4. mailetako eta Batxilergoko lehen eta bigarren mailetako ikasleei zuzenduta. Bi asteko egonaldiak eskainiko dituzte, heldu den udan.

Atzerrian hizkuntzak ikasteko plazak eskainiko dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
Atzerrian hizkuntzak ikasteko plazak eskainiko dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. (GETTY IMAGES)

Lakuako Hezkuntza Sailak 532 plaza eskainiko ditu atzerrian ingelesa, frantsesa eta alemana ikasteko. 2024ko udan izango dira egonaldiak, eta bi aste iraungo dute. DBHko 3. eta 4. mailetako eta Batxilergoko ikasleek hartuko dute parte. «Beste hizkuntzak eta bakoitzak dakarren mundua deskubritzeko aukera aparta dira halako esperientziak», Lakuak nabarmendu duenez.

Egonaldi horietara milioi bat euro bideratuko ditu Hezkuntza Sailak.

Urriaren 24tik azaroaren 23ra bitartean aurkezten ahalko dira eskaerak, biak barne. Plaza horietako bat eskuratu nahi duten ikasleek baldintza batzuk bete beharko dituzte. Honakoak dira: aukeratutako hizkuntzan edo hizkuntzetan zazpi puntuko nota eskuratu izana aurreko ikasturtean; aurreko ikasturteko bataz besteko nota eta hautatutako hizkuntzan jasotako notaren arteko batuketan 16 puntu edo gehiago lortu izana; ikasleak eskatzen duen plazari dagokion hizkuntza ikasia izatea aurreko bi ikasturteetan; eta ikasleak 2024an gehienez ere 19 urte betetzea.

Irlanda, Britainia Handia, Estatu frantsesa eta Alemania

198 plaza eskainiko dituzte ingelesa Irlandan ikasteko, 264 plaza ingelesa Britainia Handian jorratzeko, 50 plaza frantsesez Estatu frantsesean ikasteko, eta beste 20 alemana Alemanian lantzeko.

Plazak banatzeko, kontuan izango dira bai eskaera egin duen ikaslearen hezkuntza maila (DBH edo Batxilergoa) eta baita haren familiaren egoera ekonomikoa ere. Lehen tartean, aurreko ikasturtean beka jaso zuten ikasleak hartzen dira kontuan, eta bigarren tartean, berriz, bekarik jaso ez zuten ikasleak. Plazaren bat egokitu zaien ikasleek ezinbestekoa izango dute dagokion ordainketa egitea. Lehen tartean daudenek, 140 euro ordaindu beharko dituzte, eta bigarren tartekoek 560 euro.