Zubietak denboraldiko lehen derbia hartuko du bihar, iaz kale egin zuen Realaren eta Eibarren artekoa, alegia. Bigarren garaipena bilatuko dute Liga hasiera gorabeheratsua gauzatzen ari diren bi talde gipuzkorrek. Athleticek, berriz, hirugarrena jarraian ospatu nahi du, sailkapenaren azken postuan dagoen Vila-Real bisitatuko duela aprobetxatuz.
Reala-Eibar (18.30, DAZN)
Garaipen bakarra lortuta ekingo diote bi talde gipuzkoarrek derbiari. Zubietan bertan eskuratu zuen Realak Betisen kontra eta Granadaraino joan behar izan zen Eibar berea lortzeko. Baina ez batak ez besteak ez diote jarraipenik eman, aurkariek eta egutegiak konplikatu duten denboraldi hasiera honetan. Armaginen kasuan, bi aste hauetan bost partida jokatuta iritsiko da atsedenaldira, herenegun La Solanaraino eraman baitzuen Kopako bigarren kanporaketak.
«Pixka bat nekatuta gaude», onartu du Yerai Martinek, Kopako partidarako lehen taldeko 12 jokalari besterik deitu ez bazituen ere. «Baina horrela tokatu zaigu eta ez dugu aitzakirik eduki nahi. Maratoia Granadan irabaziz hasi genuen, gero bi partida galdu ditugu etxean eta ea ondo amaitzen dugun. Aukera berri bat da eta seguru neke guzti hau desagertzen dela Zubietan emaitza on bat lortuta».
Realak, noski, helburu bera du. Baina asteburueroko kontua da eta horregatik, onartu arren, Natalia Arroyok ez dio garrantzi handiegirik ematen «faborito» etiketari. «Partida batzuetan printzipioz faboritoak garela normalizatu behar dugula uste dut. Baina, batez ere, berdegunean erakutsi behar dugu gure nahia eta beharra hiru puntuak eskuratzeko helburua daukagula partida guztietan», esan du eta, era berean, argi dauka aurkari eta partida guztiak direla zailak eta Realak ez duela irabazten irabaztea uste dugun partida guztiak eta, alderantziz, irabaziko dituela pentsatzen ez dituzten partidak.
Biharkoa irabazteko, aurkariaren eraso jokoa asko konplikatzen duen Eibar gainditu beharko dute txuri-urdinek. «Orokorrean, azken lerroa asko zabaltzen duen taldea da eta aukera asko sortzea kostatuko zaigu hainbat gauza oso ondo ez baditugu egiten –azaldu du Arroyok–. Eibar oso trinkoa espero dut, jende askorekin eta kobertura askorekin, zehaztasun eta aniztasun handia izatera behartuko gaituena, espazioekin iristeko eta area zapaltzeko, zentroak ateratzeko eta abantaila numerikoa izateko, asko babesten baitira hor. Eta beti duzu zalantza, presio gehiago edo gutxiago egitea nahi izango duten, ekimena ehuneko ehunean guri utziko diguten ala ez… Beren joko zuzenean eta bigarren jokaldietan mugitzen jakitea garrantzitsua izango da eta ekimen testuingurua tokatzen bazaigu, joko-erritmo altua eta askotariko baliabideak izan beharko ditugu, espazio gutxirekin min egin ahal izateko».
Edozein kasutan, argi du partida ez dela «erabakiko azken unera arte» eta jokalariek ere argi izatea nahi du, «partidari ekiten badiogu irabaztera behartuta gaudela pentsatuz, irabazi behar dugula eta hamargarren minutuan ez badago bideratuta antsietatea agertzen da, eta eurek irabazten badute zer gertatuko den, urduritasuna… Azkenean dena lehertzen da. Horregatik argi izan behar dugu».
Eibarren aritutako Alejandra Bernabe itzuliko da donostiarren deialdira; Tejadak, berriz, kanpoan jarraituko du, Cecirekin eta Jacquelinerekin batera.
Armaginek ez dute oraindik deialdia helarazi baina, printzipioz, Puyi izangu dute baja bakarra Zubietara joateko. Eta, hamaikakoari dagokionez, ziurtzat jo daiteke Ciudad Realera joan ez ziren jokalari gehienak, ia guztiak, hasieratik arituko direla. Laura Caminorena izan liteke salbuespen bakarra baina Miralles, Elba, Jujuba, Annelie, Arene, Amani, Ane Campos eta Espe Pizarro hasieratik zelairatuko omen dira.
Gasolina izatea bereziki garrantzitsua izango da hain aurkari zailaren kontra. «Badakigu nolako taldea den –esan du Yerai Martinek–. Natalia Arroyok talde identitatea eman dio eta gauza asko egiten ditu ondo. Europarako sailkatu ziren, aurreko denboraldia agian hain ona izan ez bazen ere. Erregistro asko menderatzen dituzte, baloi jabetza asko gustatzen zaie, jokalari asko elkartzen dira baloitik gertu, posizio- eta zenbaki-nagusitasun asko sortzen dizkizute zelaiko hainbat lekutan…, eta aldi berean, bertikalak eta sakonak dira. Erregistro asko menderatzen dituzte eta zaila izango da denei aurre egitea. Baina gu deseroso sentitzera behartzen saiatuko gara, min egiten eta gauzak zailak jartzen».
Entrenatzaile armaginak, gainera, Reala partidara presio handiagoarekin helduko dela uste du, Eibarrek baino puntu bat gehiago daukan arren, helburu anbiziosoagoa baitauka eta etxean jokatzen duelako. Eta «horretaz baliatzen» saiatuko da, argi badauka ere emaitza on bat lortzeko «baldintza garrantzitsuena gu bizirik egotea eta lehiakorrak izatea» dela.
Partida «polita» espero du, bestetik. Berdegunean egongo den ikuskizunagatik eta hitzordu berezia delako. «Andoaindarra naiz, Zubietatik gertu bizi naiz eta askotan joan naiz partidak ikustera eta beste talde batzuekin jokatzera. Oso berezia da gu guztiontzat han jokatzea».
Baita esanguratsua ere, Natalia Arroyoren ustetan, Gipuzkoak 710.000 biztanle dituela kontutan hartuta. «Harro egoteko modukoa da eta ni neu harro nago horrelako proiektuetan parte hartzeaz», onartu du.
Vila-Real-Athletic (12.00, DAZN)
Jeitsiera postuetan ere egon zen baina Lezaman jokatzea ezinhobe etorri zaio Athletic-i eta bertan denboraldiko lehen garaipenak kateatuz, jauzi ederra egin dute zuri-gorriek, besteak beste bi talde gipuzkoarrak gaindituz. Hegazkina hartuko dute oraingoan baina egutegiak aukera ona eskainiko die hirugarrena lotzeko, sailkapenaren azken postuan dagoen Vila-Real –punturik lortu ez duen Liga Fko talde bakarra– bisitatuko baitute.
Baina zenbakiak ez dira guztiz fidagarriak, Daviz Aznarren esanetan. «Behetik gora egin du Vila-Realek Liga hasieratik. Aurrekoan partida bikaina egin zuen, adibidez, eta Real Madrili izugarri kostatu zitzaion partida irabaztea. Gainera, puntuak behar dituzten taldeak arriskutsuak dira», abisatu du teknikari zuri-gorriak. Eta horretaz gain, Athleticek ez du oraindik etxetik kanpo punturik lortu, «Levante Las Planasen aurka oso gertu egon ginen arren», onartu du. Athletic partida hartara heldu zen egoera eta gaur egungoa, bi garaipen lortu ondoren, ez da berdina, hala ere, eta Aznarrek hori nabaritzea espero du. «Irabaztea baino droga hoberik ez dago eta guk beti irabazten jarraitu nahi dugu. Oso aukera ona daukagu orain eta hiru puntuak lortu nahi ditugu, dinamika positiboa luzatzeko», esan du.
Naroak eta Zugastik denboraldiko lehen minutuak izan ditzakete, deialdian sartu baitira; kanpoan geratu dira, berriz, Azkona eta Sportingen kontra sekulako partida jokatu zuen Elexpuru, biek baitauzkate arazo fisikoak.
5. jardunaldia
Gainontzeko partidei dagokienez, urteko partida interesgarrienetakoak emango dio amaiera jardunaldiari, Atleticok eta Bartzelonak jokatuko baitute. Partida horren onuradun nagusia Real Madril izan daiteke baina, horretarako, Granadan eskuratu beharko du aurretik denboraldiko bosgarren garaipena. Aurkariak ez ezik, egutegiak ere sortuko dizkio arazoak talde zuriari, Txapeldunen Ligako kanporaketaren erdian jokatuko baitu partida.
Larunbata:
Vila-Real-Athletic (12.00)
Reala-Eibar (18.30)
Granada-Real Madril (18.30)
Sevilla-Valentzia (20.30)
Igandea:
Sporting Huelva-Madril CFF (12.00)
UDCA Tenerife-Betis (12.00)
Levante-Levante Las Planas (16.30)
Atletico Madril-Bartzelona (18.30)