Ion Garate - Zuriñe Iglesias
Elkarrizketa
Iker Salaberria
Aspeko pilotaria

«Hemen egonda ez dut nahi aurkarientzat karamelua izan; nik nahi dudana da lehiatu»

Iker Salaberriak (Goizueta, 1999) estreinakoz jokatuko du maila nagusian Lau eta Erdiko txapelketa. Bere esanetan, «ez du deus galtzeko», baina bere buruarekin «exijentea» da, eta esan du «ehuneko ehuna» ematen badu «lanak emateko aukerak» izango dituela. Igandean Ezkurdiaren aurka jokatuko du.

Audio_placeholder

Iker Salaberria: «Hemen egonda ez dut nahi aurkarientzat karamelua izan; nik nahi dudana da lehiatu»

Loading player...
Iker Salaberria Lau eta Erdiko final-zortzirenetan, Urrutikoetxearen aurka jokatutako partidan, Tolosako Beotibar frontoian.
Iker Salaberria Lau eta Erdiko final-zortzirenetan, Urrutikoetxearen aurka jokatutako partidan, Tolosako Beotibar frontoian. (Jon URBE | FOKU)

Bigarren Mailako Lau eta Erdikoa irabazi zuen Iker Salaberriak, eta Aspek aukera eman dio txapelketa nagusian lehiatzeko. Aurrelariak ondo aprobetxatu du emandako aukera, final-zortzirenetan Mikel Urrutikoetxeari 22-13 irabazita. Orain, final-laurdenetako ligaxkan sartu da. Joseba Ezkurdia, Erik Jaka eta Peio Etxeberria izango ditu aurkari. Igandean Ezkurdia txapeldunaren aurka jokatuko du Lekunberrin (17.00etatik aurrera).

Estreinakoz jokatuko duzu Lau eta Erdikoan, final-zortzirenetako kanporaketan Urrutikoetxea mendean hartu eta gero. Pozik izango zara, ezta?

Bai, egia esan, gustura. Igandean helburua zen partida aurrera ateratzea, lortu dut eta, egia esan, pozik eta gogotsu nago helduko denari begira.

Urrutikoetxea ez dago bere ibilbideko unerik onenean, baina Lau eta Erdiko txapeldun bati irabazi diozu. Ez da gutxi.

Bai, azkenean Mikelentzat [Urrutikoetxea] urteak aurrea doaz, eta nire lehen partida zen horrelako maila batean eta ez nekien nola moldatuko nintzen; eskarmenturik ez nuen. Hasieran pixka bat urduri hasi nintzen, baina partida aurrera joan zen heinean, uste dut neurria hartu niola, eta gustura.

Final-laurdenetako ligaxkan sartzea sari handia da. Izango duzu gozatzeko aukera.

Bai, badakit hiru partida zail izango ditudala, izen handiko hiru pilotariren aurka. Baina ez dut deus galtzeko, ahalik ondoen lehiatzen saiatuko naiz, partidetan ehuneko ehuna ematen, eta ea horrek noraino eramaten nauen.

Zein helburu jartzen diozu zeure buruari txapelketan?

Helburua da ehuneko ehuna ematea partidetan. Gero, hortik aurrera emaitzak etortzen badira etorriko dira, eta ez badira etortzen ez dira etorriko, baina azkenean partida bakoitzean ehuneko ehuna ematen badut etxera lasai joateko moduan egongo naiz. Eta hori nahi dut. Frontoira joan, lehiatu, eta ehuneko ehuna eman.

Beraz, ehuneko ehuneko emanda, gustura geratuko zara.

Bai, baina hemen egonda ere ez dut nahi aurkarientzat karamelua izan. Behin hor egonda nik nahi dudana da lehiatu, eta ahal baldin bada igandean irabaztera joango naiz, dudarik gabe. Eta badakit partida oso-oso zaila dudala aurretik, baina ehuneko ehuna emango dut eta ikusiko da.

«Askotan faboritoek ez dute beti irabazten eta ea igande honetan hori pasatzen den»

Txapela irabazteko presiorik ez duzu. Horrek txapelketa gehiago gozatzeko aukera ematen dizu edo exijentea zara zeure buruarekin?

Errealitatea ikusita badakit txapelaren ondotik ibiltzea zaila izango dela. Baina exijentea naiz eta ez dut nahi igandean joan eta Josebak [Ezkurdiak] ordu erdi batean partida bukatzea. Badakit oso-oso konplikatua dudala, baina esan dudana, nire ehuneko ehuna emanez gero uste dut behintzat lanak emateko aukerak izango ditudala, eta hortik aurrera partida irabazteko aukerak baldin baditut, hobeto.

Uda polita egin duzu, maila onean zaude. Fisikoki nola iristen zara txapelketara?

Ongi, fisikoki arazorik gabe. Eskuetatik justu samar ibili nintzen txapelketaren aurretik, baina orain ehuneko ehunean nago eta aitzakiarik gabe. Joan den igandean ongi bukatu nuen, bihar [atzo] entrenamendu bat egingo dut Lekunberrin eta iganderako prest nago.

Ezkurdiaz gain, P. Etxeberria eta Jaka izango dituzu multzoan. Nola ikusten dituzu?

Izen handiko hiru pilotari dira; maila horretan jada ez dago pilotari txarrik edo karamelurik. Badakit hiru partida zail izango ditudala, baina ni ere zerbaitengatik nago hor. Uda polit bat egin dut, baina hemen badakit maila handiko partidak izango direla eta ea maila ematerik dudan.

Igandean txapeldunaren aurka jokatuko duzu. Teorian indartsuarenaren aurka hasiko zara; ez dakit nahiago duzun horrela edo alderantziz.

Bueno, hemen partida guztiak zailak dira. Joseba iaz txapeldun izan zen, hiru txapel ditu Lau eta Erdian, eta badakit partida oso konplikatua dela, frontoi zailean. Baina ez dut deus galtzeko, eta nire lana ahalik hobetoen egitera aterako naiz. Ehuneko ehuna ematen badut, partidan sartutako egoteko aukerak, behintzat, izango ditut.

Material hautaketaren ostean esan zenuen 'errespetua bai, baina beldurrik ez'.

Bai, azkenean uste dut aurkari guztiei eduki behar zaiela errespetua. Uste dut beldurrak etxean utzi behar direla, eta badakit errealistak izanda partida konplikatua dela, baina askotan faboritoek ez dute beti irabazten eta ea igande honetan hori pasatzen den.