NAIZ

Urkullu, Japonian: «Nondik gatozen eta norantz goazen badakigun bi herri gara»

‘Euskadi-Japonia 2023’ ekimenak bi herrien arteko lotura estutu nahi du. 10.000 kilometroko distantzia gaindituz, Euskal Astea antolatu dute Toshima hirian, larunbat honetan hasita. Atariko gisa, kontzertua egin dute bi kulturak batuz. Han izan da Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria ere.

Akimasa Ishikawa Eraldaketa Digitalerako Japoniako Estatu ministroarekin bildu da Urkullu.
Akimasa Ishikawa Eraldaketa Digitalerako Japoniako Estatu ministroarekin bildu da Urkullu. (IREKIA)

Larunbat honetan hasi eta heldu den ostegunera arte Basque Week edo Euskal Astea ospatuko da Japoniako Toshima hirian, Tokio metropolitarrean. Bi herrien kulturak elkartuz, ehun ekitalditik gora prestatu dituzte urte osoan batean eta bestean, eta bide horren helmuga da Euskal Astea. Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria Toshiman da egunotan, Lakuako ordezkari gehiagorekin batera. Urkulluk nabarmendu duenez, jendearen artean «zubiak eraikitzea» da ekimen honen asmoa. «Lortzen ari gara», baieztatu du.

Kontzertu batez gozatu dute ostiral honetan, atariko gisa. Oreka TX eta Kukai euskal taldeek Ki&Ki duo japoniarrarekin partekatu dute oholtza, eta dardarka jarri dute publikoa. Alboka, txalaparta, trikitixa eta tsugaru-Shamisen musika tresna japoniarraren erritmoak nahasi dituzte.

Ikuskizuna hasi baino lehen, ehunka lagunen aitzinean, hitzaldi bat eman du Urkulluk, Miyuki Takagiwa Toshimako alkatea ondoan zuela. Pozik dago urtetako lanari esker, pandemiaren ondorioz atzeratu ondotik, azkenean egitea lortu dutelako. Eskerrak eman dizkio bertako jendeari, «etxean» sentiarazi dituelako.

Hainbat ezaugarri partekatzen dituzte

Hain zuzen ere, 10.000 kilometroko distantzian bizi arren, bi herrien arteko lotura indartzeko xedez antolatu dute ‘Euskadi-Japonia 2023’ ekimena. Harremanak funtsezkoak direla azaldu du, are gehiago hainbeste ezaugarri partekatzen dituzten herrien artean. Lehendakariak adierazi duenez, «bai Japoniak eta bai Euskadik kultura eta ohiturak bereziki zaintzen dituzte», bietan jaso dute ondare hori arbasoengandik, «katea eten gabe», biek daramate «gastronomia ariman» eta ezagunak dira munduan tradizioa eta abangoardia uztartuz lehen mailako platerak prestatzen dituztelako.

Erantsi duenez, herri kirolak ere badituzte, ahaleginaren garrantziaren eta bizimodu tradizional baten erakusgarri. Azkenik, hizkuntzari eman dio balioa, «kulturaren adierazle gorena. Komunikatzeko eta hurbiltzeko sortu ziren, hesi eta distantziak hausteko». Sustrai arrunt ezberdinak dituzte euskarak eta japonierak, baina ‘domo arigato’ (eskerrik asko) erraten ikasi du Urkulluk eta aste osoan ikasten segitzeko asmoa du.

Azpimarratu duenez, bi herriek dakite nondik datozen eta norantz joan nahi duten.

Basque Week

Larunbatean, Basque Week edo Euskal Astea hasiko da Japoniaren bihotzean, euskal nortasuna, kultura, kirolak eta tradizioak erakusteko helburuarekin, baita bere gastronomia eta turismo eskaintza ere. Xede nagusia elkar hobeki ezagutzea izango da, Urkulluren hitzetan.

Toshimako alkateak gogo handia du larunbata iristeko. «Euskal pastela ezaguna da Japonian, baina ekitaldi honetan altxor gehiago ezagutzeko aukera izatea espero dugu», adierazi du.

Toshima Ward manga, anime eta cosplay-rako toki sakratu gisa da ezaguna, baina leku interesgarri gehiago ere badaude bertan, eta bisitari euskaldunei erakutsiko dizkie. Ekitaldi hau Toshimako jendearen eta euskaldunen artean mugimendu berri bat sortzeko eta elkarrekin etorkizun bat izateko abiapuntu izateko itxaropena duela azaldu du Takagiwak.

Sei egunetan 56 tailer eta 27 emanaldi egongo dira gozagarri hiriko bi espaziotan, Kalean eta Barruan. Euskal jakiak dastatzeko eta txalaparta jotzen ikasteko aukera emango dute, besteak beste.