Aldai-Bergara eta Garai-Zabala bikoteak, aurrez aurre Hiru Hiriburuak txapelketako finalean

Binakako txapelketako bigarren edizioan lau finalistetatik hiru estreinakoz ailegatu dira finalera. Dimako aurrelaria da bakarra iaz finalera iritsi zena. Zabalak estreinako finala izango du elite mailan. Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko dute, bihar, igandean, 12.00etan (ETB 1). 

Ezkerretik eskuinera, Zabala, Garai, Aldai eta Bergara
Ezkerretik eskuinera, Zabala, Garai, Aldai eta Bergara (Hiru Hiriburuak)

Ogetatik (Gasteiz) eta Atanotik (Donostia) pasatu dira, eta Bizkaiko pilotalekua (Bilbo) falta zaie Hiru Hiriburuak binakako txapelketari amaiera emateko. Bihar jakingo da zein bikotek eramango duen txapela; Leire Garaik eta Irati Zabalak edo Amaia Aldaik eta Arrate Bergarak. Iazko lehen edizioko irabazlerik ez da izango, Olatz Arrizabalaga eta Andrea Capellan izan baitziren txapeldunak. Gernikako aurrelariak finalerdietan esan zion agur txapelari, eta atzelariak, final-laurdenetan.

Hain justu, Garai-Zabala bikoteak eman zuen ezustekoa finalerdietan, Arrizabalaga eta Itxaso Erasun 22-17 mendean hartuta. Bientzat estreinako finala izango da Hiru Hiriburuak txapelketakoa, eta Lizartzako atzelariarentzat lehen finala elite mailan. Bergara ere aurrenekoz ariko da txapelketa horretako finalean. Beraz, lau finalistetatik hiru berriak dira.

Aldai da bakarra, iaz Hiru Hiriburuak binakako txapelketako finalean sartu zena. Dimako aurrelariari Master Cup zirkuituko txapelketa hori bakarrik falta zaio palmaresa osatzeko, eta bihar aukera ezin hobea izango du hori lortzeko. Aldaik 11 final ditu irabaziak. Aldai-Bergara bikoteak aise irabazi zuen finalerdietan, Zabaletari eta Mendizabali 22-11 garaituta.

Garaik eta Zabalak, ustekabea finalerdietan

Ustekabea eman zuten finalerdietan Garaik eta Zabalak, Arrizabalaga iazko garaileari eta Erasun bere bikoteari irabazita. «Uste dut inork ez zuela gure alde ezer ematen, eta azkenean uste dut Iratik [Zabala] eta biok txapelketa osoan maila ona erakutsi dugula», nabarmendu du Gasteizko aurrelariak.

Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko dute finala, eta Zabalarentzat «berezia» izango da, «horrelako frontoi batean» ez delako edozein unetan jokatzen, eta «ilusio berezia» du. Lizartzako atzelariak aurrenekoz jokatuko du Bizkaia pilotalekuan.

Finalari begira, Bergarak «nahiko pareko» ikusten du lehia: «Finalerdietan Leirek [Garaik] eta Iratik erakutsi zuten sekulako defentsa dutela». Bide beretik, buruz buruko txapeldunak adierazi du jokatzeko «modu ezberdinak» dituztela, eta uste duela «opari gutxien» egiten dituenak eramango duela txapela.