Israelen bonbek hildako Gazan hildako palestinarren kopurua 2.750 heldu da lurralde honetako Osasun Ministeritzak jakitera eman duenez. Gauzak horrela, Israelek 2014ean egin zituen bonbardaketetan hil zituen kopurua gainditu du. Kontuan izan behar da, orduan ia bi hilabete izan zela Israel Gaza bonbez erasotzen. Orain, berriz, astebetean heldu da kopuru horretara. 2014ko erasoa orain arte Gazak pairaturiko bortitzena zen.
Honekin batera, 9.700 zauritu daudela nabarmendu du Gazako Osasun Ministeritzak. Hori dela eta, «garbiketa etnikotzat» jo du Israelen erasoa. «Azken zortzi egunetan egiten ari diren gerra basatian, Israelgo okupazioaren indarrek 2014an izan ziren 55 gerra egunetan baino pertsona gehiago hil dituzte. Gure herriaren kontra egiten diren krimenak garbiketa etnikoa direlaren froga garbia da hau», adierazi du Gazako Osasun Ministeritzako eledun Ashaf al-Kudrak.
NBEko Palestinako Giza Eskubideen errelatore Francesca Albanesak ere nabarmendu zuen larunbat honetan palestinarrak «garbiketa etnikoa» jasateko bidean daudela.
Hala, Gazan Israelen erasoetan izandako hildakoen gorpuak hobi komunetan lurperatzen hasi dira, banakako hobiratzetan lurperatu beharrean. Hilerrietan ez dago lekurik eta biktimen kopurua oso altua da. Ildo horretan, dozenaka hildako elkarrekin lurperatu dituzte igande honetan Gaza Hirian, ‘Wafa’ agentziaren palestinarraren arabera. Azaldu duenez, suntsitutako eraikinen hondakinen azpian biktima gehiago egon daitezkeela uste dute.
Larunbatean izan zen hildako gehien, 300 baino gehiago, balantze ofizialaren arabera, Gaza Hiriko eta iparraldeko beste herri batzuetako biztanleen nahitaezko ebakuazioak jarraitzen duen bitartean, Israelek emandako ebakuazio-aginduaren ondorioz.
Gazan, Nazio Batuen Biztanleria Funtsak (UNFPA) ohartarazi duenez, haurdun dauden 50.000 emakume «amesgaizto» baten aurrean daude, Israelek palestinarren aurka egindako erasoen erdian. «Gazako osasun-sistema egoera kritikoan dago. Kolapsoaren atarian dago, eta haurdun dauden emakumeak ditugu hemen, nora joan ez dakitenak», adierazi du Dominic Allen Palestinako lurraldeetarako agentziaren ordezkariak.
Nazio Batuen errefuxiatu palestinarrentzako agentziak, UNRWAk, ohartarazi du Gazako Zerrendako bi milioi biztanle baino gehiago «hil ala biziko» egoeran daudela ur faltagatik. Jake Sullivan Ameriketako Estatu Batuetako Segurtasun Nazionaleko aholkulariak igande honetan iragarri duenez, Israelgo homologoek jakinarazi diote igande honetan berriro ekingo diotela ur-hornidurari, baina soilik Gazako hegoaldean.
Israelgo tropak, mugan
Israelgo armadak tropa berriak zabaltzen jarraitzen du Gazako hesiaren inguruan, «hurrengo operazio-faserako» prestatzen den bitartean, armadak berak larunbat honetan adierazi zuenez.
Zentzu horretan, Benjamin Netanyahu larrialdiko gobernu berriaren lehen agerraldi publikoaren buru izan da igande honetan, eta Israelgo lehen ministroak herrialdea erasotzen ari diren Hamaseko miliziak «desegingo» dituztela ohartarazi du.
Israelgo Gobernuak bere aldean aste honetan 1.400 hildako izan direla zabaldu du. Hauez gain, 3.500 zauritu daude Netanyahuren Exekutiboaren arabera.
Bitartean, Israelek Gazako hegoalderantz joateko deia egin die berriz ere lurralde honetako palestinarrei. Israelgo Armadako arabierazko informazio kanalaren eledun Avichay Adraeek esandakoaren arabera, Saladino errepidea ez dute bonbardeatuko. Gaza iparraldetik hegoaldera lotzen du bide honek.
Dena den, ebakuaziorako deialdien ostean Israelek ihesean zihoazten zibilak erasotu eta hil dituztela salatu dute iturri palestinarrek. Gainera, gutxienez 70 pertsona hil ziren ostiral honetan Israelgo hegazkinek hegoalderantz ihesi zihoan konboi bai eraso zutenean.
Libano, Siria eta Zisjordania
Libanon, bitartean, Israelgo Armada eta Hizbullah gerrillaren arteko enfrentamenduak jarraitzen dute. Hizbullah taldeko eledun batek israeldarren posizioak jo eta hildakoak eragin dituztela adierazi dio ‘L'Orient-Le Jour’ egunkari libandarrari. Israelgo Armadak ‘Haaretz’ egunkariari adierazi dionez, berriz, Libanoko lurraldearen kontra tiro eginez erantzun dute.
Armada israeldarrak hildako bat eta hiru zauritu daudela onartu du. Honekin batera, Israelek Libano mugatik lau kilometrora dagoen eremua «zonalde militar itxia» izendatu du.
Azken zazpi egunetan, gutxienez 15 pertsona hil dira Lerro Urdina deiturikoaren ondoko eremuetan, NBEk Libanon duen bake-misioak (FINUL) patruilatutako eremuan.
Leherketak gero eta gehiago dira, eta baja gehienak Libanoko aldean izan dira. Larunbat honetan bi zibil hil zituzten Israelek Chebaako eremuaren aurka egindako bonbardaketa batean. Ostiralean Alma al Shaaben Reuters agentziako amarografo bat hil zuten ere, Libanok Israeli ere egozten dion bonbardaketa baten ondorioz.
Kazetarien Babeserako Batzordeak gutxienez hamabi kazetari hil, beste bi desagertu eta zortzi zauritu direla salatu du urriaren 7tik.
Igande goizealdean, berriz, Israelgo abioiek Siriako Alepo hiriko aireportua bonbardeatu dute bigarren aldiz.
Gazan ezezik, Zisjordanian ere hil ditu palestinarrak Israelek. Balantze ofizialen arabera, 58 hildako eta 1.250 zauritutik gora dira. Azken hogei urteotako asterik odoltsuena da. Bestalde, israeldar bakarra hil da aste honetan Zisjordanian, israeldar berberek akatsez tiro egin ondoren.