Espazio desberdinetan militatzen duten hiru ordezkarik dozenaka motibo bildu zituzten larunbatean Azaroaren 30eko greba feminista orokorrarekin bat egiteko. Euskal Herriko Neska* Gazteen Usurbilgo baterajotzeak, nola ez, zaintza izan zuen hizpide.
Zaintza sistemaren inguruko gatazkak deslotzeko estrategiak pentsatzea ez da berria mugimendu feministarentzak, grebak ere ez dira; 2018 eta 2019ako martxoaren 8an egin ziren. Eskarmentuz deitzen dute, beraz, A30eko lanuztera, kasu honetan, pertsona oro. «Feminismoetatik aspalditik diagnostikatu dugu eredu hau ezin dela sostengatu, are gehiago pandemiak utzitako krisiarekin. Orduan, agerian geratu ziren ordura arte beste dimentsio ugari hartu zituzten krisiak. Ikusi genuen bizitza sostengatzeko lanak feminizatuta daudela, baita arrazializatuta ere, kasu askotan», gogoratu zuen Elene Lopetegi Euskal Herriko Bilgune Feministako bozeramaileak ‘Gu ere greba feminista orokorrera!’ izenarekin Usurbilgo kiroldegian egin zen mahai-inguruan.
Argi zuten, hiru hizlariek, eta ziur aski parean zituzten ehunka gazte feministek ere, egungo zaintza sistemak ez duela balio. «Gure bizitza duina sostengatzeko beste norbait esplotatu behar badugu, ez», zehaztu zuen Lopetegik.
Doan edo soldatapean, esplotatzen dira emakumeak eta, gordinago, andre migratu eta arrazializatuak. Eta gutxitan jartzen da arreta haiengan, Mariana Urcuyo Trabajadoras No Domestikadas kolektiboko kideak deitoratu zuenez: «Garrantzitsua da identifikatzea nor dagoen zaintza sektorean lanean. Sarritan jatorriz prekarietatetik datozen emakumeak dira, edo indarkerietatik ihesi. Pentsatu behar zeinen kontura egiten duten lan. Askotan, bere seme-alabak eta gainontzeko familia uztearen kontura, bere buruataz deskonektatzearen kontura, zeren soilik zaintzen duzun pertsonak inporta du zaintzen ari zarenean. Pentsatu behar da, halaber, nola egiten duten lan: gutxi dira langileen eskubideak errespetatzen diren kasuak. Eta non egiten dugu lan? Etxe pribatuetan, non instantzia publikoak ezin diren sartu langilearen eskubideak errespetatzen ote diren egiaztatzeko».
Eta neska gazteek ere badituzte zaintza lanetan ardurak eta minak, Maider Baraño EHN*G kolektiboko kideak zehaztu zuenez. Soldatapean, ohikoa da neska gazteek haurrak zaintzea edo klase partikularrak ematea, kasurako. Eta zaintzen dute familian, lagun artean, militantzia espazioetan... «gure egunerokotasunean zeharkatzen gaituzte zaintza lanek», esan zuen Barañok.
Gakoa da, bere aburuz, zaintzen ez duenak pribilegio bat duela: denborarena. «Guk zaintza lanak egiten pasatzen dugun denbora gizonek boterea metatzen pasatzen dute, ikasten formatzen», esplikatu du. Barañok argi du: «Martxoaren 8an esan genuen ez dugula sistema hau zainduko, eta ez dugu egingo».
Eskubidea eta ardura, denona
Zaintza sistema eraldatzera bideratutako lanuzteak zenbait korapilo sortzen ditu mugimendu feministaren baitan. Deslotzen zailena, zera: soldatapeko zaintzaile ugarik ezinezkoa izango dutela greba egitea, mehatxua kaleratzea baita, eta betiko mamua Atzerritartasun Legea. «Zailtasun ikaragarriak ditugu antolatzeko –agertu zuen Urcuyok–. Lan egunak, askotan, ez dira bukatzen, ez dugu denborarik. Batzuek esaten digute gure iraultza propioa egin behar dugula. Zer denborarekin?»
Hala ere, LABeko delegatua ere bada Mariana Urcuyo, eta nabarmendu zuen greba egiteko eskubidea borrokatzeko ere balio duela A30ko zitak. «Ez badaude aitortuta zenbait lan eskubide, behintzat aitor dezatela greba egiteko eskubidea, hortik eragiteko», esan zuen.
Mugimendu feministak espektatiba handiak ditu jarrita erraldoi espero duen mobilizazioan. Izan ere, «grebaren egunean ez da ezer amaituko», nabarmendu zuen Lopetegik. Helburua instituzioekin negoziazioak hasteko bidea irekitzea da, herri itun bat osatzea zaintza sistema aldatzeko.
Bilatzen den iraultza ez da erraza, baina bai argia: denona izan dadila zainduak izateko eskubidea, baita zaintzeko ardura ere.