NAIZ

«Gernika gehiagorik ez. Ez hemen, ez inon», Palestinarekiko elkartasuna Gernikan

Gernikan mobilizazioa egin dute Palestinarekiko elkartasunez, eta Israelgo estatuaren ekintzak salatu dituzte. «Hurkoa bonbaz eta tiroz hil, haurrei etorkizuna kendu, herriari baliabideak lapurtu, egia zentsuratu eta herriari sustraiak moztu. 1937ko apirilaren 26an guri moztu zizkiguten bezala».

Gernikan 200 herritarretik gora bildu dira Palestinarekiko elkartasunez.
Gernikan 200 herritarretik gora bildu dira Palestinarekiko elkartasunez. (NAIZ)

Astelehen arratsaldean Gernikan mobilizazioa egin dute Palestinarekiko elkartasunez, Gernika Memoria Leku taldeak deituta, «Gernika gehiagorik ez. Ez hemen, ez inon» aldarrikatuz. Guztira 220 herritar baino gehiago bildu dira, eta Israelgo estatuak «okupazioaren eta apartheidarekin» amaitu behar duela aldarrikatu dute; eta irtenbidea Palestinak bere estatu propioa eraikitzeko eskubidetik pasatzen dela mahaigaineratu dute.

«Hurkoa bonbaz eta tiroz hil, haurrei etorkizuna kendu, herriari baliabideak lapurtu, egia zentsuratu eta herriari sustraiak moztu. 1937ko apirilaren 26an guri moztu zizkiguten bezala», adierazi dute elkarretaratzean. Eta gernikarrek palestinarrek sentitzen duten mina sentitzen dutela gehitu dute, «beti ondoan» egongo direla esanez.

1948tik abiatutako gatazka dela gogorazi dute astelehenean egindako protestan, eta ordutik Palestinako herria «bake eta konponbide ezera kondenatu» zutela salatu dute.

Azken egunak kontatu gabe jada 5.000 bat preso palestinar zaudela Israelgo espetxeetan gatibu oroitarazi dute. Adierazi dute azken egunetan Gazan bizitzen ari direna ‘Nakba’ren pareko egoera dela: «Bi milioi eta erdiko biztanleria duen zonaldea desplazatu, setiatu, erbesteratu eta etengabeko bonbardaketa eta erasoen bidez desagerrarazi nahi duelako Israelgo estatuak».

Salatu dute «herri bat desagerrarazteko urteetako garbiketa etnikoa» egiten ari dela Israelgo Estatua. Eta nabarmendu dute Hamasek egindakoei erantzun gisa Israelen ekintza militarrak «giza hondamendi bat sortzen» ari direla: 2.500 hildako baino gehiago, 10.000 zauritutik gora, Gazan milaka eta milaka desplazatu... Oinarrizko giza eskubideen «erabateko urraketa» dela salatu dute, eta gehitu «ekintza gizagabe hauek herritar xeheek» ordaintzen dituztela, genozidio baterantz kokatzen dituelarik.

Europako agintariek izandako jokabideak «lotsagarritzat» jo dituzte: «Kale-protestak kolpatu, atxiloketak eta Palestinamo banderak debekatzea larria bada ere, are gehiago da Europar Batasuneko agintariek azken egunetan aurkezturiko posizioa: Ursula Von der Leyenen bisita ikustea baino ez dago Israelgo interesak- eta bide batez Europako elite ekonomiko eta armamenstikoenak ere- defendatzera baino ez joan izana. Palestinarekiko inongo begirunerik izan gabe».