NAIZ

Hazparke eta Ipiñitzeko Bertsuak taldeek egin dute aurrera Taldekako Xilaban

Taldekako Xilabako saioak Baiona eta Hazparnen jokatu dira asteburu honetan eta Hazparke eta Ipiñitzeko Bertsuak taldeak izan dira saioetako garaile. Hurrengo saioa Alduden jokatuko da.

Baionako saioan 3 Kasko eta Ipiñitzeko bertsuak taldeak lehiatu ziren.
Baionako saioan 3 Kasko eta Ipiñitzeko bertsuak taldeak lehiatu ziren. (BERTSULARIEN LAGUNAK)

Taldekako Xilaba ari da bere bidea egiten eta, lehiaketako laugarren asteburuan, Hazparke eta Ipiñitzeko Bertsuak izan dira aurrera egin duten taldeak.

Ostiralarekin Hazparneko Xuriatean ospatu zen saioan Hazparke taldea eta Lizaieta lehiatu ziren, eta Irantzu Idoate, Ortzi Idoate eta Nahia Sascok ordezkatzen duten etxeko taldea gailendu zitzaien Lizaieta osatzen duten Etxahun Azkarraga, Ellande Alfaro, Haira Aizpurua eta Karlos Aizpuruari.

Bertsularien Elkartetik gaineratu dutenez, «100 entzule baino gehiagoren aitzinean giro umoretsua nagusitu zen, bertso ederren artean». Hazparneko bertso eskolako haurrek ere parte hartu zuten beraien bertsoak eskainiz. Gai emailea Miren Artetxe izan zen.

Baionara joan zen Xilaba igande goizean. Biltxoko elkartean Bruntx´aioa prestatua zen eta, Bertsularien Lagunak elkartetik nabarmendu dutenez, leku guziak beteak ziren bi egun lehenago.

3 Kasko taldeak (Maialen Berra, Lur Renteria eta Marga Berra) Ipiñitzeko bertsuak taldea errezibitu zuen (Oihan Diaz, Josu Txoperena, June Diaz, Maddi Ane Txoperena, Aimar Karrika eta Kerman Diaz) eta Paul Moal izan zuten gai emaile. Baionako bertso eskolako haurren ondotik, «agur umoretsu zein hunkigarriak entzun ahal izan genituen», gaineratu dute. Epaileek hala ebatzita, Ipiñitzeko bertsuak taldea gailendu zen.

Hurrengo geltokia Aldudeko Alfaro ostatuan izango da, urriaren 20ean 19.30etan. Bertan ligaxken azken saioa jokatuko da eta bi talde hauek lehiatuko dira: Ez dok 5 eta Zizpa Txispa.