Urtzi Urrutikoetxea

Biden Israelen: AEBen leialtasunaren eta sutea zabaltzearen beldurraren artean

AEBetako presidentea Tel Avivera iritsiko da gaur. Ondo kalkulatutako bisita izango da, erakusteko Israelen aliatu sendoena dela eta orain ere aldamenean duela.

(Jacquelin MARTIN | AFP)

Joe Biden bart abiatu da Washingtondik Ekialde Hurbilera bidean, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk asteburuan egindako gonbidapenari erantzunez. AEBetako presidentearen aholkulariek astelehenean aztertu zuten eskaera, eta segurua eta komenigarria zela erabaki zuten. Lehendabizi, begi-bistako argudioengatik: Israelen aldamenean agertzea Estatu Batuak, herrialdearen historian jasan duen eraso gogorrenetako baten aurrean. Jarrera horrekin, gatazka Israelen kontrolpeko eremutik kanpo hedatzea eragotzi nahi dute, Libanoko mugan Hizbullah-rekin izandakoa areago okertu ez dadin eta, funtsean, mezua Teheraneraino bidaltzeko.

Era berean, Israelek Gazari ezarritako erabateko blokeoak han diren bi milioi pasa biztanleei ekarritako hondamendia arintzen laguntzea espero du Washingtonek, eta horretarako urratsak onartzea Tel Avivek. Urriaren 7ko erasoa gertatu eta berehala Ekialde Hurbilera bidean zen Anthony Blinken AEBetako Estatu idazkaria. Israelez gain, Jordania, Arabiar Emirerriak, Egipto, Saudi Arabia, Bahrain eta Qatar bisitatu ditu, eta Palestinar Agintearekin ere batzartu da. Bidenen bisitaren atarian, AEBetako estatu idazkariak aditzera eman zuenez, «AEBek eta Israelek plan bat adostu dute, nazioarteko erakundeen eta herrialdeen laguntza humanitarioa Gazako zibilengana irits dadin; horren barnean dago zibilak arriskuz kanpo mantentzeko guneak sortzeko aukera».

Israelen Benjamin Netanyahu lehen ministroarekin batzartuko da Biden, baita herrialdeko beste agintari batzuekin ere. Mahmoud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearekin ere biltzekoa da Biden, baita Abdullah III Jordaniako erregearekin eta Abdel Fatah Al Sisi Egiptoko presidentearekin ere.

Duela hamar egun Hamasek Gazatik irtenda egindako erasoen ostean, Etxe Zuriak erabat babestu du Israelek «bere burua defendatzeko indarra» erabiltzea. «Israelek erantzun beharra dauka», esan zuen Bidenek elkarrizketa saio batean, joan den igandean. «Hamasen atzetik joan behar dute. Hamas koldar saldo bat da», eta erantsi zuen: «Israeldarrek beren esku dagoen guztia egingo dute zibil errugaberik ez hiltzeko».

“The Hill” hedabidearen arabera, «Israelekiko babes publikoarekin batera, elkarrizketa pribatuetan zehaztasuna eskatzen diete». AEBetako komunitate juduko buruzagiei, duela astebete egindako harrera batean, Bidenek Benjamin Netanyahurekin izandako elkarrizketaren berri eman zien. Israelek «gerra legeen arabera» jokatu behar zuela esan zuen AEBetako presidenteak. Era berean, igandean aireratutako ‘60 Minutes’ programan Gazako inbasioaren alde baina Zerrendaren «okupazioaren» aurka agertu zen. «Hanka sartze handia litzateke», esan zuen Bidenek.

Lloyd Austin Defentsa idazkariak ere zibilak babestu beharra azpimarratu zuen joan den asteburuan. Israelek, dagoeneko, 3.000 lagun baino gehiago hil ditu Gazan egindako bonbardaketetan.

HAMASEK EGINDAKO ERASOETAKO 1.300 BIKTIMETATIK 29 INGURU ESTATUBATUARRAK DIRA.

Era berean, Gazara bahituta eramandako ia 200 lagunetatik hamahiruk gutxienez Estatu Batuetako herritartasuna daukate. Horiez gain, 600 palestinar-estatubatuar ere zenbatu dituzte Gazako Zerrendan. «Estatubatuar herritarrak gara. Tel Avivetik irteteko hegazkinetara igo diren estatubatuarren tratu bera jaso behar genuke», esan zion Maha Barakat palestinar-estatubatuarrak ABC News telebista kateari. Estatu Batuetako gobernu guztiek historikoki Israelekin bat egin izan badute ere, herrialdean jarrerak ez dira horren uniformeak. Asteburuan, gerraren aurkako eta Palestinaren aldeko protesta ugari izan dira AEBetako hirietan. Hala, demokraten arteko sektore garrantzitsu bat gero eta kritikoagoa da Washingtonen jarrera historikoarekin, eta inkestek diote demokrata gehiago direla palestinarrekiko elkartasuna adierazten dutenak, Israelen aldekoak baino. Errepublikanoen aldean ez da horrela gertatzen.

Zenbait sektoretan zabaldutako gorroto mezuek ondorio larriak izan dituzte azken egunotan. Chicago kanpoaldean, alogerean bizi zen palestinar jatorriko familia bati eraso egin zion etxejabeak, musulmanak hil behar zituela oihuka. Wadea al-Fayoume sei urteko haurra labankadaka hil eta Hanaan Shahin ama oso larri zauritu zuen 71 urteko Joseph Czubak.

AEBetako elkarte musulmanek Gobernuari eta hedabideei palestinarren aurkako jarrera egotzi diete, eta gorroto giroa hauspotzen lagundu dutela salatu dute.