NAIZ

Gernika-Palestina deialdiak «berehalako su etena» berretsi du ospitaleko erasoaren ostean

Gernika-Palestina deialdi herritarrak asteartean iragarritako manifestu eta mobilizazioaz gain, ohar baten bidez adierazpenak egin ditu Gazako ospitaleko erasoaren ondotik: «Berehalako su etena behar da sarraskiarekin amaitu eta Palestinar auziari irtenbide justu, eginkor eta iraunkorra» emateko.

Iruñean Palestinaren alde larunbatean egindako mobilizazioa.
Iruñean Palestinaren alde larunbatean egindako mobilizazioa. (Jagoba Manterola | FOKU)

Asteartean aurkeztu zuten Gernika-Palestina deialdi herritarreko kideek ‘Gazako sarraskia gelditu! Konponbide politikoa orain! Palestinarekin elkartasuna’ manifestua. Eta manifestuarekin batera, larunbat honetarako Donostian egingo den mobilizazioa, 17.30tan Antiguako tuneletik abiatuko dena. Astearte iluntzeko Al-Ahli ospitaleko erasoaren ondotik, ohar baten bidez deialdi herritarrak adierazi du ezinbesteko dela «berehalako su etena sarraskiarekin amaitu eta Palestinar auziari irtenbide justu, egonkor eta iraunkorra» emateko.

Asteartean «egoerak okerrera» egin zuela adierazi dute oharrean, Gazako ospitale baten aurka Israelek egindako erasoaren ondorioz, «bertako ehunka hildakok frogatzen duten gisara». Sarraski horren aurrean, Gernikako bonbardaketen herriak isilik geratu ezin duela sinetsita manifestuan bildutakoa gogorarazi dute: «Eraso eta setioekin amaitzea, herritarrek bakean bizitzeko duten eskubidea bermatzea, konponbide baketsua, nazioarteko komunitatearen inplikazioa, elkarrizketa eta Palestinaren autodeterminazio eskubidea bermatzea». Aldarri nagusi horiek oinarri hartuta, herri mobilizazio «zabal eta indartsu» baterako deia egin dute larunbat honetarako.

Deialdia egin duten kideen ustez, gertatzen ari denaren aurrean «konponbidearen aldeko indarrak biltzea ezinbestekoa» da. Manifestua gero eta atxikimendu gehiago jasotzen ari dela adierazi dute. Eta atxikimendua emandako zenbait kidek ostiralean agerraldia egingo dutela aurreratu.