NAIZ

Ikastolen ustez Hezkuntza Legeak euskara gehiago behar du, eta atzera egiteari atea ixtea

EAEko Hezkuntza Legearen eztabaida azken fasean dago, eta alderdi politikoen ekarpenak ezagutu ditugu. Ikastolen Elkarteak horien balantzea egin du. Euskararen gaiak kezkatzen du bereziki, atzerapausoak emateko arriskua ikusten duelako. Hezkuntza eragileen adostasunari erreparatzeko eskatu du.

Nekane Artola, Ikastolen Elkarteko lehendakaria.
Nekane Artola, Ikastolen Elkarteko lehendakaria. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ikastolen ustez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan indarrean dagoen Eskola Publikoaren Legearekiko aurrerapauso handia da Hezkuntza Legearen aurreproiektua, aukera esanguratsuak jasotzen ditu, baina gabeziak ere baditu eta motz geratzen da Euskal Hezkuntza Sistema berri baterako bidean.

Eztabaida eta hausnarketa prozesu gorabeheratsua izan da orain artekoa, baina aukera baten moduan irudikatu du beti Ikastolen Elkarteak, legea helburua baino abiapuntua dela ulertuta. Legearen lanketa honetan, parte-hartze aktiboa izan du, galdu ezin den aukera bat dela konbentzituta dagoelako.

Hezkuntza Legearen eztabaida azken fasean sartuta dago eta alderdi politikoek erregistratu dituzten ekarpenak ezagutu ditugu. Ikastolek hezkuntza eragileen ekarpenak kontuan hartzeko eskatu diete alderdi politikoei, eta «hezkuntza sistemak behar duen benetako eraldaketari ausardiaz heltzeko».

Euskararen gaiak kezkatzen ditu bereziki. «Lege honek euskara gehiago behar du, baina beldur gara, gai honetan aurrera baino atzerapausoak emateko arriskua dagoelako. Eremu honetan hezkuntza eragileok erakutsi dugun adostasunari erreparatzeko eskatzen dugu, eta zalantzari eta atzera egiteko aukerari ateak zabaltzen dizkieten zuzenketak erretiratzeko. Zehaztasun gehiago eta argipen gehiago behar ditu atal honek. Euskararen egoerak hizkuntza politika sendo eta eraginkorrak behar ditu. Jauzia egiteko garaia da», defendatu dute.

Hizkuntza ereduak gainditu

Azken hamarkadetan egindako ibilbidearen ondorioak argiak direla ondorioztatu dute hezkuntza eragile nagusiek adostasunez: «Hizkuntza ereduek ez dute euskalduntzen, eta horiek gaindituko dituen eredua behar dugu oinarri». Beraz, zentzugabea iruditzen zaie ikastolei horiei eutsi nahi izatea. «Euskal Herriko Ikastoletan murgiltze eredua ezarrita dugu, berau delako ondorengo belaunaldiak euskalduntzeko bidean emaitza onenak ematen dituen eredua. Eta eredu honetara iristeko bidea eta plana zehaztu beharko lituzke lege honek».

Lege aurreproiektuak ez zuen aipatzen eta zuzenketetan ere ez da ageri Euskal Curriculumik. Ikastolen ustez, ordea, ezin da Hezkuntza Lege bat eraiki Euskal Curriculuma aipatu gabe.

Gobernantza ereduari dagokionez, Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren inguruan zehaztapen sakonagoa planteatzen da zuzenketetan, baina nabarmena da publiko-pribatu dikotomia gainditzeko erresistentziak daudela. Begi onez ikusi dute, berriz, Ikastolen eredu kooperatiboa aintzat hartzea eta kooperatiben izaera juridikoa jasotzea.

Europa mailako partzuergoa

Euskal Herria bere osotasunean ahalbideratzeko politikei buruz, egokia iruditzen zaie ikastolei Euskal Hezkuntza Zerbitzua ematen duten ikastetxeen eta euskara eta euskal kultura partekatzen duten EAEtik kanpoko ikastetxeen arteko harremanak eta lankidetza sustatzea proposatzen duen emendakina. Zuzenketa horrek Europa mailako partzuergoa eratzea proposatzen du, eta onartuko balitz, egungo errealitatetik abiatuta, Euskal Herri osoan hezkuntza sistema propioa eraikitzeko aukera emango duela uste dute.

Azkenik, berretsi dute lege-proiektuan segregazioaren aurka egiten den proposamen eta helburuarekin bat datozela eta azpimarratzekoa dela legean aurreikusita egotea hezkuntza komunitatearekin elkarrizketa aktiboko prozesua bat irekitzea eskola-segregazioaren aurkako itun bat lortzeko. Zuzena da ikastolentzat itunpeko ikastetxeen finantzaketa legean agertzen diren baldintzak, printzipioak edo irizpideak betetzeari lotuta dagoela argiago eta irmoago jasotzen duen zuzenketa. Hala ere, ikusi dituzte zenbait zuzenketa proposamen kontraesankor, hala nola doakotasuna soilik derrigorrezko etapatan sustatzera bideratuta daudenak.