NAIZ

Ikusmin handia eragin duen Winter Seriesak zazpi puntista berri izango ditu aurten

Hirugarren edizioa urriaren 30ean hasiko da eta otsailaren 18an amaitu. Iaz bezala, 8 bikotek hartuko dute parte: 7 titular eta beste bat Pro Am-eko txapelketa irabazten duena. Berritasun bezala, jardunaldia egongo da Gabon Zaharrez eta Iñaki Osa Goikoetxearen azken txapelketa izango da.

Aurtengo Winter Seriesan parte hartuko duten puntistak, gaur Gernika-Lumon.
Aurtengo Winter Seriesan parte hartuko duten puntistak, gaur Gernika-Lumon. (Gorka RUBIO | FOKU)

Bueltan dira astelehenetako zesta-punta jaialdiak. Eusko Label Winter Seriesen 3. edizioa aurkeztu dute asteazken honetan Gernika-Lumon. Txapelketa dagoeneko Jai Alai League-ren barruan txertatuta dago eta ikusmin handia eragin du aurtengo edizioak, «Euskal Herri osoko 1.000 zalek baino gehiagok bazkide izatea erabaki» baitute, antolatzaileek jakitera eman dutenez.

Gauzak hala, Winter Seriesa jardunaldiz jardunaldi milaka pertsonek jarraituko dute, bai pilotalekuan bertan, bai telebistaz (astelehenero ETB 1-en) eta baita modu digitalean ere (Jai Alai League aplikazioaren bitartez).

Aurtengo edizioak, gainera, beste eragingarri batzuk izango ditu. Izan ere, nabarmentzeko modukoa da abenduaren 31n, Gabon Zaharrean, goizean, jardunaldia izango dela. Halaber, Iñaki Osa Goikoetxearen azken txapelketa izango da. Zumaiarrak eszenatokirik eta txapelketarik onenean esango dio agur zesta-puntari. Lekerikarekin jokatuko du bere agurrean eta bikote ona osatzen dute. Gernikan udako Grand Slama irabazitakoak dira duela bost urte. Orain berriz irabazi nahi dute baina Winter Seriesean.

Winter Seriesa Iñaki Osa Goikoetxearen (eskuinean) azken txapelketa izango da. (Gorka RUBIO/FOKU)

Bestalde, pilotarien ia erdiak (16tik 7) berriak dira, aurreko edizioarekin alderatuta: Laduche, Gorka, Goitia, Erik, Ibarluzea eta Pro Am-eko bi garaileak.

Txapelketan bi multzotan banatutako zortzi bikote arituko dira Gernika-Lumon, urriaren 30etik aurrera. Zehaztuta dago zeintzuk izango diren zazpi bikote, eta zortzigarrena, alegia, azken bikote sailkatua, Zumaian ebatziko dute, ostegun honetan eta hilaren 23an. Finala 2024ko otsailaren 18an jokatuko dute.

A multzoan ibiliko dira Goiko eta Unai Lekerika, Erik Mendizabal eta David Minvielle, Alex Goitia eta Thibault Basque eta Jean Olharan eta Julen del Rio. B multzoan, berriz, Johan Sorozabalek eta Imanol Lopezek osatuko dute bikoteetako bat, Erkiagak eta Ion Ibarluzeak beste bat, eta Ludovic Laduche-Gorka Sorozabal da hirugarren bikotea.

Esan bezala, txapelketan parte hartuko duen zortzigarren bikoteak Zumaiako Aitzuri pilotalekuan jokatuko duten Pro-Am izeneko lehiaketan bereganatu beharko du Winter Serieserako txartela. Lauko final modukoa da, urriaren 19an eta hilaren 23an jokatuko dute, eta irabazlearentzako saria da urriaren 30ean hastekoa den torneoan aritzea. Hilaren 19an bi finalaurrekoak jokatuko dituzte: Jokin Arbe eta Mikel Manzisidor Urko Lekerikarekin eta Eñaut Salegirekin arituko dira nor baino nor gehiago, eta, beste partidan, Cosme Aguirrek eta Ruben Bailok Gonzalo Aguirre eta Unai Uranga izango dituzte aurkari. Irabazleek datorren astelehenean jokatuko dute oraindik zehaztu gabe dagoen zortzigarren plaza hori.

Guztira 16 jardunaldi jokatuko dira. Lehenengo hamabiak, ligaxkako partidei dagozkienak dira eta multzo bakoitzeko bi onenak finalerdietara sailkatuko dira. Finalerdiak kanporaketa erara jokatuko dira eta hortik aterako dira bi finalistak.

EUSKO LABEL WINTER SERIES-EGUTEGIA:

1. jardunaldia, urriak 30: GOKOETXEA-LEKERIKA / ERIK-MINVIELLE
2. jardunaldia, azaroak 6: ERKIAGA-IBARLUZEA / JOHAN-LOPEZ
3. jardunaldia, azaroak 13: GOITIA-BASQUE / ERIK-MINVIELLE
4. jardunaldia, azaroak 20: LADUCHE-GORKA / PRO-AM
5. jardunaldia, azaroak 27: OLHARAN-DEL RIO / GOIKOETXEA-LEKERIKA
6. jardunaldia, abenduak 4: ERKIAGA-IBARLUZEA / LADUCHE-GORKA
7. jardunaldia, abenduak 11: OLHARAN-DEL RIO / GOITIA-BASQUE
8. jardunaldia, abenduak 18: JOHAN-LOPEZ / PRO-AM
9. jardunaldia, abenduak 31: GOIKO-LEKERIKA / GOITIA-BASQUE (Igande eguerdia)
10. jardunaldia, urtarrilak 8: JOHAN-LOPEZ / LADUCHE-GORKA
11. jardunaldia, urtarrilak 15: OLHARAN-DEL RIO / ERIK-MINVIELLE
12. jardunaldia, urtarrilak 22: ERKIAGA-IBARLUZEA / PRO-AM
13. jardunaldia, urtarrilak 29: LEHEN FINALAURREKOA
14. jardunaldia, otsailak 5: BIGARREN FINALAURREKOA
15. jardunaldia, otsailak 12: HIRUGARREN ETA LAUGARREN POSTUAK
16. jardunaldia, otsailak 18: FINAL HANDIA (Igande eguerdia)