Emakumeen Eurocupa irabazteko faboritoetako baten aurka jokatuko du Lointek Gernika Bizkaiak ostegun honetan 20.30ean. Montpellier talde frantsesa izango du aurkari Lucas Fernandezek zuzentzen duen taldeak, pasa den astean Israelera ez joatera erabaki eta gero.
Oraindik ez dago ezer segururik Tel Aviv inguruan gernikarrek jokatu behar zuten partida horri dagokionez. FIBAk berandu baino lehen erabakiren bat hartu behar du, baina itxura baten, kontrakorik gertatu ezean, joan zen asteko partida beste noizbait, eta akaso Israel ez den beste herrialderen batean, jokatu beharko da.
Galdera horiei erantzuna bilatzeke, ordea, Montpellier talde gogorra izango dute bizkaitarrek aurrez aurre Europako aurtengo txango honi ekiteko. Lointek Gernika Bizkaiak bere webgunean dioen moduan, beti halako talde erraldoiren baten aurka jokatu behar, eta aurten ere ez da salbuespena.
«Europan lehiatzea beti da pribilejio bat. Asteazken eta ostegunetako gau magiko horiek bizitzea nahi dugu berriz ere», irizi dio Marta Alberdik, neurketa jokatu bezperan. «Badakigu Estatu frantseseko taldeak denak direla gogorrak, fisikoki baten ere. Badakigu zeren kontra borrokatu behar dugun eta tira, orain gure lana gure jokoa prestatzea da», gaineratu du hegaleko bizkaitarrak, «batik bat erasoan azken partidetan blokeatuta ibili» direla deitoratu baitu. «Gure jokoa ordenatu behar dugu berriz ere», azaldu du.
Antzera mintzatu da Laia Floren antolatzailea ere. «Maila fisiko oso altua eman behar dugu irabazteko aukerarik izatekotan. Beraien mailan edo are gorago egon beharko dugu. Ez dago sekretu handirik: 40 minutuetan defentsan gogor egon beharko dugu eta erasoko gure aukerak asmatzean datza gakoa», adierazi du jokalari katalanak.
Izen propioak
Egia da, hala ere, Julie Vanloo antolatzaile belgiarra –pasa den udan Europako Txapelduna bere selekzioarekin– galdu dutela, Turkiako Galatasaray taldeak fitxatu baitu. Hala ere, bere herkide Kyara Linskens –urrezko domina jantzi zuen honek ere Emakumeen Eurobasketean–, Gernikan jokatzea zer den badakien Ameryst Alston eta Alisia Jenkins bikote estatubatuarra eta Frantziako selekzioan behin baino sarriago jokatu izan duten Garance Rabot, Mamignan Toure, Romane Bernies, Elodie Naigre eta Marieme Badiane ere ditu Montpelliergo taldeak.
Emakumeen Eurocupeko aurreneko jardunaldian Poloniako Zaglebie Sosnowiec taldea 86-62 jipoitu zuten, eta hori saihestu nahi du talde gernikarrak. Egun hartan talde frantseseko bost jokalarik 11 puntu edo gehiago saskiratu zituzten eta errebotean kolorerik egon ez zen moduan, orotara 28 asistentzia banatu zituen gainera.
Angie Bjorklund gabe jokatzen ohitu beharko du ere Lointek Gernika Bizkaiak. Hegaleko estatubatuarra Barçara joan berri da eta, beraz, hegaleko postuan Marta Alberdi, Grace Berger, Crystal Bradford eta Roso Buch jokalariek lan handia egin beharko dute Bjorklundek bermatzen zituen puntuak berdintzeko.
«Jokalari batzuekin zein besteekin, gure defentsa izan behar da gakoa. Gure defentsa gai izan behar da Montpellierrek jaurtiketa zailak eta txarrak egin ditzan, batetik, eta bestetik, erasoan korrika egiten lagundu behar digu ere», azpimarratu du, bere aldetik, Lucas Fernandezek.
Horrez gain, halakoetan hain ohikoa den bezala, Malostera hurbilduko diren zaleen indarra ere eskatu du Lointek Gernika Bizkaiako entrenatzaileak. «Mailarik eta zailtasunik handieneko partida batekin ekingo diogu Emakumeen Eurocup honi, baina taldeak badu ilusioa eta gogoa zaleei partida on bat eskaini eta zaleak ere lehiaketa honetan murgildu daitezen. Denboraldiaurreko eta Emakumeen Ligako partida ia guztiak kanpoan jokatu ditugu eta, beraz, gogo handia dugu partida bikain bat zaleen aurrean jokatu eta hauek ‘marea granatea’ are eta handiagoa egin dezaten», adierazi du Fernandezek.