Azkuna Zentroak, Quebeceko La Maison De La Litterature-rekin eta Angulemako Cite Internationale de la Bande Desinée et de L’Image-rekin batera, hiru artistarentzako egoitza gurutzatua eskaintzen du, komikigintzaren esparruan sorkuntza sustatzea eta hainbat herrialdetako pertsonen arteko topaketa bultzatzea helburua duena.
Egoitzaren edizio honetan, Fran Mengual hautatu du Bilboko zentroak programan parte hartzeko, eta beste bi erakundeen aldetik Lisa Blumen (Angulema) eta Pascale Sevigny-Vallieres (Quebec) izan dira hautatuak.
Hiru sortzaile gazteek gaur egungo gaiei lotutako gaiak jorratzen dituzte beren istorioekin, hala nola influencer-en mundua, osasun mentala edo migrazio-prozesuak.
Egoiliarrak
Fran Mengual ilustratzailea eta komiki-marrazkilari bilbotarra da. 2017an bere lehen eleberri grafikoa egin zuen, ‘Lobomalo’, Kantabriako Eleberri Grafikoaren Saria irabazi zuena 2018an. Urte berean, ‘Los fantasmas te tienen miedo’ komikiarekin Kataluniako Literatur Lehiaketako bigarren saria irabazi zuen. Egun, ilustrazio eta komiki irakaslea da Belart Formacion enpresan.
Epaimahaiak, Mengualen lanetik, «sentiberatasunez eta enpatiaz kontatutako istorioaren indarra eta boterea» nabarmendu ditu eta egoitza «onuragarria eta aberatsa» izango dela uste dute, «haria eta narrazioa lantzeko eta egileak immigrazioaren eta nortasunaren lekukotza grafikoki irudikatzeko modurik egokienari buruz hausnartzeko».
Lisa Blumen Estrasburgon bizi da egun eta hainbat liburu argitaratu ditu. Bere azken lanean, ‘Astra Nova’ ( L’employe du moik argitaratua), zientzia fikzioa landu du. Epaimahaiak Blumen gaiak «oso garaikideak» direla nabarmendu du, eta «emakumearen lekua eta bizitza birtualarekiko loturak modu original batean zalantzan» jartzen dituela jarri du balioan.
Hirugarren egoiliarra Pascale Sevigny-Vallieres, Quebec hirian jaiotako ilustratzailea da. Laval Unibertsitatean diseinuko goimailako ikasketak egin zituen eta graduondoko ikasketak egiten ari zela osasun mentaleko arazoek grafikoetan duten irudikapenari buruzko ikerketa eta sorkuntza proiektu bat hasi zuen. Bere lanak sari eta beka ugari irabazi ditu.
Epaimahaia «liluratuta» geratu da «ilustratzaile bezala egindako lanaren kalitatearekin eta sentsibilitatearekin». Bere gaia eta aukeratutako tratamendua «oso indartsuak» direla uste dute.
Hiru sortzaileak hilabete bana emango dute hiri bakoitzean, bertako arte jaialdi batekin bat eginaz: Anguleman 2024ko otsailean, Nazioarteko Komiki Jaialdiarekin bat eginaz; Bilbon 2024ko martxoa, Gutun Zuria jaialdian parte hartuz; eta Quebecen 2024ko apirilean, BD Quebec jaialdia ezagutzeko.
Egonaldiarekin batera, bidaia, ostatua eta 4.500 euroko laguntza jasoko ditu bakoitzak.