Garbiñe Etxeberria: «Gure lanaren sinesgarritasuna da gure funtsa»

Lehiaketaren maila gero eta altuagoa dela onartuta, Reala onenengandik gertu ikusi nahi du Garbiñe Etxeberriak. Harrobiaren hazkundeak, etxekoen presentziak lehen taldean eta goi mailako taldeetan dauden futbolari ohiek klubaren lan ona berresten dutela uste du kirol zuzendari txuri-urdinak.

Garbiñe Etxeberriak komunikabideekin hitz egin du Zubietan.
Garbiñe Etxeberriak komunikabideekin hitz egin du Zubietan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Igandeko derbia dela-eta, Realak komunikabideekin topaketa bat antolatu du ostegun honetan, Zubietan. Entrenatzailarekin eta jokalariekin hitz egiteko aukera egon da. Baita Garbiñe Etxeberria kirol zuzendariarekin ere, gaurkotasunetik haragoko gaiei buruz solasteko aukera eskainiz. Adibidez, txuri-urdinen egoerari, asmoei eta proiektuari buruz.

Azken honi dagokionez, lana nahiago du Etxeberriak, hitzak baino. «Urtero gaude proiektuari buruz hitz egiten. Baina zer gehiago egin behar dugu, esan behar dizuegu jokalariei, zuei, hemen gaudela? Ez dugu zertan urtero justifikatu behar», ondorioak ikusi baizik. Eta ez bakarrik emaitzei dagozkienak, «beste gauza asko baitaude. Nazioarteko selekzioetan, maila ezberdinetan, zenbat jokalari ditugun, kluba nola doan hazten, aurten laugarren talde bat sortu dugu kadete mailan… Begirada hazkundean daukagu beti».

Ez da erraza guzti horrek non kokatuko duen taldea zehaztea, «denboraldi bakoitza desberdina delako, taldea, unea, jokalariak… Eta lehiaketa bera gero eta exijenteagoa da. Beti nahi duguna da goiko postu horietatik gertu egotea, postu horiengatik borrokatu nahi dugu. Zaila da baina hori da gure funtsa, galdu ezin duguna, urtez urte hazten jarraitzea eta gure lanaren sinesgarritasuna».

Lan horren islada dira harrobiaren hazkundea, etxeko jokalariak lehen taldean aurten edukitzen ari diren presentzia edota goi mailako taldeetan dauen futbolari ohi ugariak. Ez da kasualitatea, Etxeberriak azaldu duenez, Nahia Apariciok eta Elene Vilesek minutu dezente eduki izana lehen jardunaldietan. «Aurreko lanaren ondorioa da. Taldea antolatzeko garaian bistaratu genuen zer datorren atzetik, zer behar dugun, aterik ez ixtea… Ez da erraza, Lehen Mailara heltzea gauza bat delako eta mantentzea beste bat. Baina oso ondo daudela iruditzen zait, ez genuen zalantzarik baina gero erakutsi egin behar da. Eta ezin dugu ahaztu Haizea Urangak debuta egin zuela Bartzelonan, hori ere plus bat dela, eta partida hori zortzi gipuzkoarrekin amaitu genuela. Ez dakit etorkizuna horrelakoa izango den baina gaur pozik gaude», esan du.

Etorkizunera begira, alegia, harrobiko lanean sakondu dute arduradun txuri-urdinek. «Sei urtetan hiru talde sortu ditugu, sinestezina iruditzen zait –onartu du kirol zuzendariak–. Oso polita da Gipuzkoako futbola nola hazi den ikustea. Gainera, bigarren eta hirugarren taldeak maila berrian daude, igoera lortu ondoren. Eta orain arte sortu ditugunak senior mailakoak izan badira, aurten kadete mailakoa sortu dugu, oso urrats garrantzitsua dela».

Urrats guzti horien ondorioak ez dira bakarrik Realean bertan ikusten. Zubietan eginak edo bertan aritutakoak, asko dira kamiseta txuri-urdina jantzi duten jokalariak dituzten goi mailako taldeak. «Ikustekoa da zenbat jende irten den eta Lehen Mailan jarraitzen dutela. Vila-Realeko kapitaina Paola Soldevila, Atleticon Moraza edo Gaby… Ikusten dudanean pentsatzen dut zenbat lan dagoen horren atzean, egindako lan baten ondorioa da», esan du Etxeberriak.

Derbia

Jokalari-ohi horietako dezente Lezaman izango ditu aurrean Realak igandean –tartean, Nahikari Garcia, atzo Lezamako prentsa aretoan protagonista izan zena–. Partida «berezia, desberdina, Euskal Herriko emakumezkoen futbolean bi talde erreferenteak izan garelako. Egia esateko, gehiegi disfrutatzen ez dudan partida da, beti tentsioan zaudelako, baina gogoak ditut. Eta interesgarria izango delakoan nago, bi talde on direlako, egun hain estilo desberdina ez dutenak, eta jokalariek ere gogotsu ekiten diotelako».

Sailkapenean gorago dago Reala, goi mailako bi aurkarien kontra jokatu badu ere, eta Athletic indartsu dago Lezaman, momentuz bertan jokatutako norgehiagoka biak irabazita. Ez da erraza izango inorentzat baina Etxeberriaren ustetan, derbia ez da hain desberdina puntu horretan, gaur egun «talde guztiak maila altuan gaude-eta».

«Ez da bakarrik 90 minututan onena eman behar duzula, baizik eta astean zehar ere bistaratu behar duzu, ondo landu… Igandekoarekin ere gauza bera egin behar dugu» eta behin zelairatuta, oso garrantzitsua izango da «nola sartzen garen, ze sentsazio ditugun hasierako minutu horietan baloiarekin, nagusitzen bagara, beldurtzen baditugu... Hasierako minutuen kudeaketan egon daiteke gakoa».

Ibilbidea

Realak ez du oraindik punturik lortu etxetik kanpo. Ulergarria, hein handi batean, Johan Cruyffen jokatu duela baina ez hainbeste lehen jardunaldiko porrota, Granadan. Agian hori da gakoa, denek «ulertzen» zutela hiru puntu horiek donostiarren poltsikoan zeudela partida hasi baino lehen. «Igo berria da eta iruditzen zaizu erreza izango dela. Uste dut denori gertatu zitzaigula nahi gabe –aitortu du kirol zuzendariak–. Los Carmenesekoa gogoratzen, ze polita… Eta ahaztu egin zitzaigun partida jokatu behar dela, aurkaria ona dela eta errespetua eduki behar zaiola. Eta ez ginen finak izan. Eta punturik lortu ez izanak mina egin zigun».

Zorionez, azkar eman zion taldeak egoerari buelta «eta Betisen aurka ikusi genituen nahi dugunaren gauza batzuk, irabazi… Aste zaila zen hiru partidekin eta bata irabazi, gero Levanteren kontra maila oneko partida egin genuen eta Bartzelonaren kontra, hasierako dardar hori kenduta, partida serioa egin zen». Emaitzak alde batera utzita, sentsazioak «denboraldi-aurrean onak izan ziren, lehen partidan ez hain onak baina gero taldea pixkanaka egiten ari da bidea».

Abiapuntu horretatik, «iaz egin genuena hobetu behar» dela uste du Etxeberriak. «Beti nire posiziotik hitz egiten dut, teoria, gero errealitateak gure lekuan jarriko gaitu. Baina goian egon nahi duen taldea izan behar gara –azpimarratu du–, gauza on asko dituen taldea garelako, liga honetan izena duen kluba, 18 urte daramatzagu Lehen Mailan. Zenbaki horiek ez dizkizute emaitzak ematen baina jokalariei helarazi behar diegu zer den Reala, zer den Realean egotea eta Realean goian egotea nahi dugula».