NAIZ

Gazari buruzko Nazioarteko Gailurra egingo dute Egipton larunbatean

Larunbat honetan Nazioarteko Gailurra egingo dute Egipton, Gazako egoerari buruz. Besteak beste, bertan izango dira Pedro Sanchez eta Emmanuel Macron, espainiar eta frantziar Estatuetako presidenteak, eta NBEko presidente António Guterres eta Mahmud Abás Palestinar Aginte Nazionaleko presidentea.

Antonio Guterresek eta Egiptoko Kanpo Ministro Sameh Shoukryk prentsaurrekoa eman dute Kairon ostegun honetan izan duten bileraren ostean.
Antonio Guterresek eta Egiptoko Kanpo Ministro Sameh Shoukryk prentsaurrekoa eman dute Kairon ostegun honetan izan duten bileraren ostean. (Khaled DESOUKI | AFP)

Nazioarteko Gailurra egingo dute Egipton larunbat honetan, Gazaren aurkako eraso masiboa mahai gainean dela. Besteak beste, Nazio Batuen Erakundeko presidente den António Guterres izango da bertan, baita Josep Borrell ere, Europar Batasuneko kanpo politikako arduraduna.

Al Qahera News telebista kate egiptoarrak eman du berria eta baieztatu zuen espainiar eta frantziar estatuetako presidenteek, hots, Pedro Sanchezek eta Emmanuel Macronek, parte hartuko dutela, Kanadako Lehen Ministroa den Justin Trudeaurekin batera.

Halaber, Olaf Scholz Alemaniako kantzillerra, Georgia Meloni lehen ministra italiarra, Rishi Sunak Erresuma Batuko Lehen Ministroa, Charles Michel Kontseilu Europarreko presidentea eta Mahmud Abás Palestinar Aginte Nazionaleko presidentea ere bertaratuko dira.

31 estatuk eta nazioarteko hiru erakundek konfirmatu dute gailurrean izango direla. Hiriburu Administratibo Berrian egingo dute bilera, Egiptoko presidente Abdelfatah al Sisiren ekimenez Kairotik 50 kilometrora eraikitako hiria.

Hegoafrika Ciryl Ramaphosa presidenteak ordezkatuko du eta Tamim al Thani Qatargo emirra eta Mohamed al Sudani Irakeko presidentea ere bertan egongo dira, beste askoren artean.

Bilera hau astebeteko lan diplomatikoaren mugarri izango da, baina ikusteko dago Gazan pairatzen ari diren sarraskia gelditzeko urratsik ekarriko ote duen. Israelen erantzunak 4.000 hildako inguru eragin ditu dagoeneko eta 2,2 milioi biztanleri handik atera daitezen presioa egiten ari zaie, arabiar estatuen haserrea eraginez eta jada guztiz odoltsua den gatazka areagotzeko aukera larriagotuz.