NAIZ

Arrazoi politikoengatik sortutako gorroto-istiluak % 40,7 murriztu dira, Erkorekaren arabera

Erkorekak adierazi du PPk Gasteizko Legebiltzarrean egindako galderari eta kritikari erantzunez arrazoi politikoek sortutako gorroto-istiluen intzidentzia «argiki» jaitsi dela 2023an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aurreko urteekin alderatuz, «%40,7 murriztu da».

Erkorekak Lakuako sailburuak, jakinarazi du gorroto-istiluak gutxitu direla 2023an.
Erkorekak Lakuako sailburuak, jakinarazi du gorroto-istiluak gutxitu direla 2023an. (Raul Bogajo | FOKU)

Josu Erkoreka Lakuako Segurtasun sailburuak nabarmendu duenez, arrazoi «bereziki politiko edo ideologikoek» eragindako gorroto-istiluak «argi eta garbi» murriztu dira aurten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aurreko urtearekin alderatuta, hilean 2,7 gertakari izatetik 1,6 izatera igaro baitira (-%40,7).

Erkorekak datu horiek eman ditu PPk ostiral honetan Gasteizko Legebiltzarrean egin den kontrol saioan egin duen galderari erantzunez. Carmelo Barrio legebiltzarkideak  gogorarazi du azken asteetan indarkeriazko ekintzak izan direla Euskal Herrian, hala nola Gasteizen Fernando Buesaren hilobiari egindako pintura-erasoak, Eibarren buruzagi politikoen aurkako dianak agertu izana, edo Abiadura Handiko Trena (AHT) eraikitzeko makinak erre izana Errenterian.

Barriok Erkorekari eskatu dio azal dezala zer neurri hartuko dituen gertaera horiek argitzeko eta «biktimak zikintzen dituzten» eta «demokratak batzen gaituen sinboloen» aurka egiten duten erasoen egileak aurkitzeko. Sailburuak azaldu du Buesaren hilobiaren aurkako erasoa hasieratik ari dela ikertzen Gasteizko Udaltzaingoa, berak duela «eskumena» kasu honetan, eta eginbideei buruzko datuak «laster» emango dituztela aurreratu du.

Bukatutako atestatuak

Era berean, jakinarazi du Ertzaintza Errenterian AHTren azpiegitura eraikitzeko makineriaren aurkako erasoa ikertzen ari dela, eta atestatua «laster» jarriko dutela epailearen esku.

Eibarren agertutako mehatxuzko pintaden kasuan, polizia-eginbiderik ez dela ireki azaldu du, salaketarik ez delako erregistratu. Hala ere, zehaztu duenez, «horrek ez du esan nahi zeharkako ikerketa bat egiten ari ez denik».

«Gorroto istiluen areagotzea ez da egia»

Erkorekak zehaztu nahi izan duenez, «ez da egia», PPk adierazi bezala, «arrazoi politiko edo ideologikoek eragindako gorroto-istiluak areagotzen» ari direla aurten Euskal Herrian.

Sailburuak azaldu du gertakari horiek areagotu egin zirela iaz, hilean 1,9 izatetik 2,7ra igaro baitziren. Hala ere, 2023an, mota horretako gertakarien hileko tasa 1,6 da. «Beraz, ez da aurtengo fenomeno nabarmendua, erlaxatzen ari da», adierazi du.