NAIZ

Ane, Laia, June, Markel, Martin eta Julen dira izen ohikoenak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Ane, Laia, June, Markel, Martin eta Julen dira azken hiru urteetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan jaioberriei jarri zaizkien izen ohikoenak. Espainolaz bestelako nazionalitatea duten amen haurren artean euskarazko izenak dira gehienbat.

Ane, Laia, June, Markel, Martin eta Julen dira EAEn jaioberriei gehien jarritako izenak.
Ane, Laia, June, Markel, Martin eta Julen dira EAEn jaioberriei gehien jarritako izenak. (Getty)

Azken hiru urteetan Ane, Laia, June, Markel, Martin eta Julen izan dira jaioberriei jarritako izen ohikoenak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Eustat estatistika institutuaren datuen arabera.

Datuak hirurtekoen arabera hartuta, 1996tik Ane da nesken izenen artean gurasoek gehienetan aukeratu dutena. Bigarren eta hirugarren postuetan Laia eta June daude eta, ondoren, Nahia, Malen eta Maddi.

Mutilentzako izenik gogokoena Markel da, eta, ondoren, Martin eta Julen. Horien atzetik, erabilenak Oihan, Jon eta Aimar dira.

2020-2022 aldirako 25 izen nagusien taldean bi berri sartu dira: nesken izenen artean, Lea eta Libe; Maialen eta Paula, aldiz, atera egin dira, 2018-2020 aldiarekin alderatuta. Mutilen izenei dagokienez, Ekhi, Telmo, Leo eta Adei sartu dira taldean, Eneko, Hugo, Ekain eta Aner alde batera utzita.

Erregistro zibilak gehienez bi izen sinple edo izen konposatu bat baimentzen ditu. Ehun izen arruntenen zerrendan ez dago konposaturik, nahiz eta garai batean oso ohikoa izan.

Euskal izenak dira nagusi, eta batzuk grafia ezberdinekin erregistratzen dira: Ane-Anne, June-Yune-Iune, Leire-Leyre, Jon-Ion edo Aritz-Haritz, besteak beste.

Amen nazionalitateak

Amen nazionalitatea kontuan hartuz gero, espainolaz bestelako nazionalitatea dutenak -urte horretako jaiotza guztien %28,5-, izen euskaldunak ere aukeratu zituzten, batez ere, baina ordena orokorrarekiko ezberdintasunekin.

Neskatoen kasuan, bost izen gogokoenen artean bi euskaldun daude: Alaia (arabieraz ere esanahia duena) eta Nahia bigarren eta bosgarren postuetan, hurrenez hurren. Nahiz eta zerrendan lehena Sofia den, greziar jatorrikoa, hirugarren postuan Sara dago, hebrear jatorrikoa, eta laugarrenean Amira, arabiarra.

Mutilentzako izenen artean Julen hirugarren postuan dago, lehenengoan Adam, izen hebrearra, bigarrenean Mohamed, jatorri arabiarrekoa, laugarrenean Mateo eta bosgarrenean Amir.

Leire eta Mikel, gurasoen izenak

Bestalde, Leire, Maria eta Nerea dira amen izen ohikoenak, eta Mikel, Jon eta David aitenak.

2020-2022 aldiko 42.632 jaiotzetan, aldi horretan ama izan diren emakumeen artean hamar izen ohikoenak Leire, Maria, Nerea, Amaia, Laura, Ainhoa, Naiara, Ane, Ainara eta Cristina izan ziren.

1980tik 1993ra jaiotako emakume hauen belaunaldietan, hamar izen ohikoenetatik bost euskaldunak ziren, baina oraindik ere oso presente zeuden gaztelaniazkoak eta Maria izenarekin konposatutakoak, Elizak hala derrigortzen zuelako.

Urte horietan aita izan ziren gizonei dagokienez, gehien errepikatu ziren hamar izenak Mikel, Jon, David, Aitor, Iker, Asier, Iñigo, Xabier, Javier eta Gorka izan ziren.

Kasu honetan, batez ere 1977 eta 1991 artean jaiotakoak ziren, garai horretan izen konposatuek jada sinpleei lekua uzten zietelarik eta euskal izenak dagoeneko nagusi zirelarik.