NAIZ

Gazte blokea egingo dute azaroaren 4an, belaunaldi berriak euskararen alde mugitzeko

Azaroaren 4rako Kontseiluak deitu duen manifestazio nazionalean belaunaldi berrien presentzia argi geratu dadila nahi du Gazte Euskaltzaleen Sareak. Horretarako, gazte blokea antolatuko dute. «Guk ere ardura hartu behar dugu gure hizkuntza aurrera eramateko», esan dute Bilbon egindako agerraldian.

Gazte Euskaltzaleen Sarearen agerraldia, Bilbon, Kontseiluaren manifestazioari atxikimendua adierazteko.
Gazte Euskaltzaleen Sarearen agerraldia, Bilbon, Kontseiluaren manifestazioari atxikimendua adierazteko. (Raul BOGAJO | FOKU)

Gazte Euskaltzaleen Sareak agerraldia egin du astelehen honetan Bilboko Justizia Jauregian, Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako deitu duen mobilizaziora atxikitzen direla adierazi eta bertako gazte blokea deitzeko.

«Oldarraldi judiziala da azken adierazle garbiena, baina euskaldunon aurkako oldarraldia judiziala izateaz gain, politikoa, soziala eta ideologikoa ere bada», baieztatu dute.

Egoera hori toki batzuetan oraindik eta larriagoa dela azaldu dute: «Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, esaterako. Nafarroako zonifikazioak euskara herritarrongandik urruntzeko helburua du; gure belaunaldiarentzat sinestezina da oraindik jaio garen tokian jaio izanagatik eskubide gutxiago izatea eta Nafarroa hirutan zatituta ikustea. Aurrera egiteko ezintasun hori, guretzat, atzera joatea da. Eta aurrera egiteko garaia da».

Gezurra

Oldarraldiaren eragileak hainbat direla esan dute. «Alde batetik, komunikabide batzuek gero eta lotsa eta disimulu txikiagoarekin hauspotzen duten gezurra daukagu: euskaldunok pribilegiatu eta inposatzaile modura saltzen gaituen errelatu tranpatia, euskal herritarrak euskaratik urruntzeko asmoz». Aldiz, gazteek badakite euskara «gizarte kohesiorako, belaunaldi berriak ahalduntzeko eta jendartea herri honen komunitatera lotzeko tresna» dela.

Euskararen aurkako jarrerek zapalkuntza betikotzen dutela uste dute: «Titular sentsazionalistetan eta datu faltsuetan oinarriturik, ikasteko edo erabiltzeko ilusioa eta gogoa zabaldu beharrean, gorrotozko eta gutxiespenezko mezuak zabaltzen dituzte, hain zuzen ere, gure hizkuntzaren aurkako zapalkuntza sistematiko hori betikotu dadin».

«Etxeko teilatuari harrika»

Azken urte eta hilabeteetan eman diren eraso euskarafoboak aipatu dituzte adibide gisa: «Euskara gutxiesteko atzera botatzen diren lan eskakizunak, Uliazpiko epaia, Irungo udaltzainen kasua, Iruñeko Lezkairu auzoan hezkuntza departamentuak D eredua ez ireki nahia, Amurrioko euskara teknikariarena, Nafarroan euskara hizkuntza ez ofiziala izatea, belaunaldi berriak euskalduntzeko hezkuntzak duen funtzioari uko egitea eredu linguistikoak EAEko hezkuntza lege berrian mantenduz… Gure etxeko teilatuari harrika ari dira».

Egoera larritasunez bizi dute. «Benetan, kezkaz bizi dugu parean ditugun aukeren aurrean, atzera eginarazten digutenen arduragabekeria. Euskararen normalizazioan bizi den belaunaldia garela saldu nahi digute, baina errealitatearen argazkia guztiz bestelakoa da. Euskaraz bizi nahi eta ezin duen belaunaldia da gurea, baina aurrera egin nahi duena ere bai», aitortu dute.

«Euskara aurrera eraman behar dugu»

Euskararen alorrean aurrera egiteko hainbat eskuren bultzada behar dela aldarrikatu dute: «Herri bultzada indartsu bat behar dugu, alde eta esparru guztietatik bultza egingo duena. Baldintza duin eta sendoak behar ditugu euskara aurrera eramateko. Bada ordua euskal hiztunoi dagozkigun eskubideak bermatu eta gure hizkuntzan askatasunez jarduteko; gure jatorria edozein izanda ere, gure bizitokia edozein delarik ere».

Defendatu dutenez, belaunaldi berriek ere ardura hartu behar dute euskara aurrera eramateko. Horretarako, gazteen presentzia argi geratzeko, gazte blokea deituko dute azaroaren 4rako, 17.00etan Bilboko Jesusen Bihotzetik hasita. Blokea indartzeko baliabide kutxa bat utzi dute eskuragarri.